Euskararen Eguna 25

Euskararen Eguna ospatzeko giza mosaiko erraldoiak osatu dituzte hainbat herritan

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 30a

Aduna, Elduain, Orendain eta Ikaztegietako herritarrek hizkiak osatu dituzte gaur, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak proposatutako 'Euskararen etorkizuna jokoan!' esaldia egiteko.

Aurtengo Euskararen Egunerako mosaiko bat egitea proposatu du Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak. Eskualdeko 28 herriek hartuko dute parte, bakoitzak hizki bat osatuz, eta guztien artean Euskararen etorkizuna jokoan! esaldia egingo dute. Gaur, esaterako, Aduna, Elduain, Orendain eta Ikaztegietan egin dituzte mosaikoak.

Adunaren kasuan, J hizkia osatu dute gaur plazan bildu diren herritarrek. 12:00etarako zuten jarrita hitzordua, eta adin desberdinetako herritarrak animatu dira bertara.

Elduainen, horma irudia margotu behar zuten gaurkoan, baina eguraldi kaxkarra zela eta, atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, 12:00ak aldera Urdelar biltokian bildu dira herritarrak hamaiketakoa egiteko, eta behin indarrak hartuta, plazara jaitsi dira U hizkia osatzera.

Elduainen antzera Orexan ere hamaiketakoa egin ondoren, mosaikoa osatu dute herritarrek. Hauen kasuan, I hizkia osatu behar izan dute.

Orendainen poteo musikatuarekin ekin diote egunari, 12:30etan. Herritar ugari bildu dira trikitilarien ingurura, eta denak elkartu ostean, E hizkia osatu dute. Ondoren, bertso bazkaria egin dute Eltxoak elkartean. Bertan izan dira Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, eta gai jartzaile moduan aritu da Amaia Agirre.

Ikaztegietarren txanda izan da arratsaldean, eta hauek N hizkia osatu dute. Udaletxe atarian egin dute hitzordua, 17:00ak aldera, eta pixkanaka-pixkanaka bertaratzen joan dira herritarrak, azkenerako taldetxo polita osatuz.

Herri bakoitzean hizkia osatu ostean, Euskararen Egunerako Euskararen etorkizuna jokoan! esaldia aukeratu izanaren zergatia azaldu dute: «Euskal Herriko eskualde euskaldunetakoa da gurea. Euskara bizi-bizi dago gure kaleetan eta etxeetan. Horregatik, gune euskaldunok ardura dugu euskarak ezinbestekoa duen jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Euskarak arnaguneak behar-beharrezkoak ditu. Euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko indarra eta gogoa ditugula irudikatu nahi da giza mosaikoarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!