Ikaztegietarrak irabazle, Arnasetik bideo-sormen lehiaketan

Ataria 2025eko azaroaren 28a

Argazkiak: Arnasa Gara.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailen kategorian, 500 eurorekin saritu dute Ikaztegietako Herri Eskolako lau ikaslek egindako 'Atzo eta gaur Baliarrain Ikaztegieta' lana; Anoetako Herri Ikastolako ikasleak finalista izan dira DBH-ko 1. eta 2. mailen kategorian.

Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren laugarren edizioari amaiera borobila eman zioten atzo Leitzako Herri Aretoan ospatutako sari-banaketa ekitaldiarekin. UEMA-k, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da, eta helburu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena piztea eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea. Euskararen arnasguneek duten garrantzia jendartera zabaltzea da xedea, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduta.

Aurtengo edizioan 205 lan jaso dituzte, eta publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 3.580 bozka baino gehiagorekin itxi zuten. Arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere parte hartu dute lehiaketan. Hala, Euskal Herri osoko 35 udalerri inguruko ikasleek aurkeztu dituzte lanak, tartean, eskualdeko bost herritakoek: Anoeta, Baliarrain, Ibarra, Ikaztegieta eta Irura.

200 pertsona baino gehiagok bete zuten Leitzako aretoa, eta bost sari banatu zituzten Maria Blancok eta Malen Altunak gidatutako ekitaldian. Hiru kategoriatan banatuta zegoen lehiaketa, eta horietako bakoitzean epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroko saria jaso zuen. Horrez gain, balio bereko publikoaren saria banatu zuten, bozketa bidez hautatua, eta Leitzako Udalak herriko lan bat saritu zuen, oroigarri batekin.

Sari horietako bat eskualdeko ikasleek jaso dute. Hain justu, LH-ko 5. eta 6. mailen kategorian, Ikaztegietako Herri Eskolako lau ikasle baliarraindarrek egindako Atzo eta gaur Baliarrain Ikaztegieta bideoa saritu zuen epaimahaiak. DBH-ko 1. eta 2. mailako ikasleen kategorian, Anoetako Herri Ikastolako ikasleek aurkeztutako Casting Anoeta, zergatik gu bideoa finalista izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!