Txirrindulariak ziklo-kroseko denboraldi betean daude eta eskualdeko bi txirrindulari maila oso ona erakusten ari dira. Maier Olano (Tolosa, 2007) 23 urtez azpiko mailan ari da lehiatzen eta orain gutxi Europako Txapelketan aritu da lehian. Maddi Saizar (Berastegi, 2009) lehen mailako juniorra da eta euskal egutegiko
Larrazken Txapelketa irabazi du.
Olano Espainiako Kopako probetan hasi zen parte hartzen. Helburua Europako Txapelketara joatea zen, eta lortu zuen. Gijonen bigarren postua lortu zuen eta Marinen irabazi egin zuen. Hor Kopako lidergoa hartu zuen, eta gero Amurrioko eta Karrantzako probetan bigarren egin zuen.
Europako Txapelketan esperientzia «ona eta aldi berean gogorra» izan zuen Olanok: «Zirkuitua oso gogorra zen, dena hondarrarekin. Hemengo zirkuituekin ez zuen zerikusirik». Gainera, katea askatu zitzaion lehen itzulian eta horrekin denbora asko galdu zuen. «Zirkuitua gogorra zen, baina baita azkarra ere. Beraz, zerbait gertatzen bazitzaizun, postuak aurreratzea ez zen batere erraza». Azkenean 19. postuan amaitu zuen.
Orain geldirik dago Olano, eta abendu bukaeran hasiko da berriz, Euskadiko eta Espainiako Txapelketetan lehiatzen. Bietara irabazteko asmoz joango da. Munduko Txapelketara ere joan nahiko luke, eta Espainiako Txapelketa on bat egiten badu aukerak izango dituela uste du.
Oriako Txirrindulari Eskolan aritu da Olano, eta aurten taldea utzi eta independente bezala aritu da. Errepiderako Gironako Massi Baix Ter taldearekin fitxatu du. «Taldea betidanik gustatu izan zait beraien dinamikarengatik. Neukan aukera onena zela ikusita, beraiekin sinatzea erabaki nuen». Urte hasierarekin hasiko da errepideko 23 urtez azpiko mailan. Helburua «asko ikastea» dela esan du: «Taldean oso txirrindulari onak daude, eta horiengandik ikasi nahi dut».
Saizar, berriz, Katalunian izan da asteburuan Gipuzkoako selekzioarekin. Larunbatean Gurbeko proban lehiatu zen, eta seigarren egin zuen. Igandean Vic herriko Espainiako Kopan aritu zen, eta «oso gustura» geratu zen laugarren postuarekin. Zu-K Limousin (Oriako Txirrindulari Eskola) taldean dago Saizar eta ziklo-kroseko Larrazken Txapelketa irabazi du, Orduñan, Elgoibarren eta Lezaman garaipena lortuta. Ane Aranburu eta Sara Aranburu taldekideak Larrazken Txapelketan bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren.
Euskal egutegian bigarren txapelketa bat jarri da abian, Iturri izenekoa. Lehen proban ezin izan du parte hartu Saizarrek, baina asteburuan Berrizen egingo den bigarrengoan ariko da. «Nire asmoa da Iturri Txapelketa irabaztea». Gipuzkoako Txapelketan ere parte hartuko du abenduaren 20an. Espainiako Txapelketara joateko asmoa ere badu, eta euskal selekzioarekin ezin bada bere kasa joango da. «Lehenengo bost postuetan sartzea da nire helburua». Ziklo-kros denboraldiko bere helburu nagusia Munduko Kopako proba batera joatea da. Ziklo-krosa gustuko du: «Jende asko egoten da ikusten, eta giroa oso polita izaten da. Emaitzak ere iristen ari dira eta gustura nago».
Argazkiak: lehenengo lauetan Maier Olano azaltzen da, eta beste lauetan Maddi Saizar