2017az geroztik, urtero-urtero, Euskararen Nazioarteko Egunerako ekitaldi proposamen bateratua egiten du Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak eskualdeko 28 herrietarako. 2017an giza mosaiko bat egin zuten, eta aurten, eskualdeko 28 herriek batera esaldi bat osatzea da proposamena. Hain justu, herri bakoitzeko herritarrak gune batean elkartuko dira eta hizki bat irudikatuko dute. Guztiek batera Euskararen etorkizuna jokoan! esaldia osatuko dute. Herri batzuek asteburuan egingo dute ekimena, eta beste batzuek abenduaren 3an bertan. «Erronka ez da txikia: herri guztiak batuta 2.000 euskaltzale batzeko helburua jarri da mosaikoa osatzeko», esan du Galtzaundi elkarteak.
Lelo hori hautatu dute gure hizkuntzak, azken hamarkadetan egindako ahalegin kolektiboa aintzat hartuta. «Aurrerapen handiak egin badira ere, euskararen susperraldi garaia eten dela eta atzeraldia etor daitekeela erakusten duten zantzu asko daude. Tolosaldeko herrietan ere begi bistakoak dira seinale horiek».
Azken hamarkadetan eskualdeko herri erdaldunenak izan direnetan euskararen kale-erabilera gorantz doa Tolosaldean. Baina, aldi berean, euskaldunenak diren herrietako kaleetan gaztelera gehiago entzuten da orain. Etxeetan ere lehen baino gehiago erabiltzen da gaztelera. «Herrien artean orekatze moduko bat gertatzen ari da, eta hori irauli beharko genuke eskualdean: goranzko bidean direnak horrela jarrai dezaten, eta beheranzko joera horiek gera daitezen. Baina perspektiba pixka bat ere behar dugu. Euskal Herriko eskualde euskaldunenetarikoa da Tolosaldea. Euskara bizi-bizi dago gure eskualdeko kaleetan eta etxeetan». Horregatik, gune euskaldunok ardura dugu euskarak ezinbestekoa duen jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko indarra eta gogoa ditugula irudikatu nahi da giza mosaikoarekin».
Egitaraua
- Abaltzisketa: azaroak 28, ostirala, 17:45ean plazan.
- Aduna: azaroak 30, igandea. 11:30ean, plazan.
- Albiztur: azaroak 28, ostirala, arratsaldez plazan.
- Alegia: azaroak 28, ostirala, 19:30ean plazan.
- Alkiza: azaroak 21, ostirala, 16:30ean frontoian.
- Altzo: abenduak 3, asteazkena, 17:00etan plazan.
- Amasa-Villabona: azaroak 29, larunbata, 12:30ean Errebote plazan.
- Amezketa: azaroak 30, igandea, 12:00etan plazan.
- Anoeta: abenduak 3, arratsaldean, ikastolan.
- Asteasu: azaroak 29, larunbata, 13:00etan plazan.
- Baliarrain: azaroak 22, larunbata, arratsaldean plazan.
- Belauntza: azaroak 29, larunbata, goizez edo arratsaldez.
- Berastegi: abenduak 3, asteazkena, 16:30ean plazan.
- Berrobi: azaroak 28, ostirala, 16:30ean plazan.
- Bidania-Goiatz: azaroak 30, igandea, 17:00etan erabilera anitzeko zentroaren aurreko plazan.
- Elduain: azaroak 30, igandea, 12:00etan plazan.
- Gaztelu: abenduak 3, asteazkena, 18:30ean plazan.
- Hernialde: azaroak 29, larunbata, 16:30ean plazan.
- Ibarra: abenduak 3, asteazkena, 17:00etan plazan.
- Ikaztegieta: azaroak 30, igandea, 17:00etan udaletxeko atarian.
- Irura: abenduak 3, asteazkena, 16:30ean plazan (euria egiten badu frontoian).
- Larraul: azaroak 28, ostirala, 16:15ean herriko plazan.
- Leaburu-Txarama: azaroak 29, larunbata, 16:00etan plazan.
- Lizartza: abenduak 3, asteazkena, 17:30ean plazan.
- Orendain: azaroak 30, igandea, 13:30ean plazan.
- Orexa: azaroak 30, igandea, 12:00etan plazan.
- Tolosa: abenduak 3, asteazkena, 18:00etan Plaza Zaharrean.
- Zizurkil: abenduak 3, asteazkena, 18:30etan Joxe Arregi plazan.