Bertsoen bueltan saretu dira eskualdeko emakumeak

Ataria 2025eko azaroaren 26a

Bederatzi urteren ostean, datorren urtean jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa. Azken herriartekoan partaideen % 80 baino gehiago gizonezkoak izan zirela kontuan hartuta, emakumeentzako eta genero disidenteentzako bertso-eskolak antolatu dira eskualdez eskualde, eta Oihana Iguaran izan da Tolosaldeko taldea batzearen ardura izan duena.

Urriaren 26an egin zuten saioak eman zuena azaldu du: «Elkar ezagutzeko tarte bat izan behar zuela ikusi genuen, eta denek entzuteko prest zetozela esan zuten. Ariketa batzuk planteatu nizkien, elkar ezagutu, saretu eta esperientziak partekatzeko, eta lehen puntu horretan igaro genituen lau orduak. Oso aberatsa izan zen».

Belaunaldi ezberdinetako partaideak elkartu ziren eta batetik bestera oihartzun handia egon zela kontatu du: «Bakoitzak bere ibilbidean zein irakurketa egiten duen ikusi genuen: hurrengo belaunaldietan bere burua erreferente zela konturatzea oso berezia izan zen, eta gazteek haien ibilbidetik igaro diren pertsonen bizipenak ezagutzea ere aberatsa izan zen».

Iguaranek esan du gehiagorako gosez geratu zela jendea, eta izango duela ekimenak jarraipena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!