Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 25

Konplizitate sareen aurka mobilizatzera deitu dute

Ataria 2025eko azaroaren 25a

Tolosaldeko Mugimendu Feministak elkarretaratzeak antolatu ditu hainbat herritan, feminismoaren kontrako diskurtsoak sostengatzen dituzten egiturak salatzeko. Itaiak Faxismoaren eta matxismoaren aurka borroka egingo duen indar politikoa «eraikitzeko beharra» aldarrikatu du.

Tolosaldeko Mugimendu Feministak gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, kalera ateratzeko deia egin die herritarrei, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean. Aurten, indarkeria matxista sostengatzen duten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatu nahi dituzte mobilizazioetan.

Mugimendu feministaren ustez, feministen kontrako gorrotozko mezuak, mezu transfoboak eta arrazistak inpunitate osoz zabaltzen ari dira sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan. Gaineratu dute, azkenaldian, erasoak salatzera atera direnak boikotatu eta gutxietsi egin dituztela. «Hori egiten dutenak inguruan ditugun gizonak dira, haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun. Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira».

Eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi batean gaudela baieztatu du mugimendu feministak. «Paktu patriarkala» deitu diote konplizitate eta anaidia sare horri: «Isiltasun sareak dira, eta gizonez gain, bestelako egiturek hartzen dute parte, indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeek, alegia. Tartean daude justizia sistemak, non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen».

Horrekin batera salatu dute askok feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoa darabiltela bestelako gorrotozko mezuak zabaltzeko, arrazakeria zabaltzeko, adibidez. «Argi dugu mugimendu feministaren borrokak antiarrazista izan behar duela, eta arrazakeria zabaldu nahi dutenen aurrean ere antolatuta egongo garela adierazi nahi dugu».

Hori guztia salatzeko protesta ekitaldiak antolatu ditu mugimendu feministak, eskualdeko zenbait herritan.

Kaleak hartu behar direla nabarmendu du Itaiak

Faxismoaren eta matxismoaren aurka borroka egingo duen indar politikoa «eraikitzeko beharra» aldarrikatu du Tolosaldeko Itaiak, eta esan du norabide horretan lanean diharduela egunero. «Zentzu horretan, azaroaren 25a borroka eguna da, matxismoaren aurka kalera ateratzeko eguna. Eraso zein erasotzaileen inpunitatearen eta normalizazioaren aurka borroka egingo dugu». Hala, manifestazioa deitu dute gaurko; 20:00etan hasiko da Tolosako Euskal Herria plazan, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena egingo dituzte aldarrikapenak.

Aurreratu dutenez, faxismoari eta matxismoari ez diotela lekurik utziko oihukatuko dute. Borrokarako eta antolakuntzarako deia ere zabalduko dute gaurko mobilizazioan. «Faxismoaren gorakadari eskutik lotua doa matxismoaren hedapena, ideologia hori baita, hain zuzen ere, matxismoaren normalizazioan sakontzen duena. Beraz, lehentasunezko eginbeharra da ideia faxista, arrazista eta matxista horiei aurre egitea. Batzuek modu baketsuan aurre egin behar zaiela sinetsarazi nahi digute; guk, ordea, argi eta garbi diogu kaleak hartzeko unea dela», azaldu dute Emakumeen Antolakunde Sozialistako eskualdeko ordezkariek.

Gogoratu dute egunero egunkarietan «barra-barra» irakurtzen ditugula indarkeria matxista kasuak: «Urrutira joan gabe, eskualdean bertan duela bi urte Adunako prostituzio etxeko 18 emakume askatu zituzten, eta duela hilabete batzuk atxilotu zuten bertako arduraduna. Bestetik, aurtengo San Joan jaietan bortxaketa saiakera baten berri izan genuen. Eta ezin ahaztu, noski, osteopataren erasoak, Usabal kiroldegiko erasoa eta klubetik kanporatutako entrenatzailearen kasua. Eguneroko titular dira indarkeria matxista kasuak. Honek ez du etenik».

Hori gutxi ez, eta indarkeria matxista «ukatzen» duenik ere badela salatu dute. «Ideia faxistak, matxistak, arrazistak zein klasistak kaleak hartzen ari dira, eta horrek errealitatea are gordinago bilakatzen du. Ikusi besterik ez dago sare sozialak eta komunikabideak nolako bozgorailu izaten ari diren diskurtso hauen hedapenerako. Indarkeria matxista, eta, beraz, emakumeon zapalkuntza ukatzen dute. Salaketa faltsuez dihardute, eta komeni zaienean, mezu arrazistak zabaltzeko darabilte indarkeria matxista».

Aldi berean, kalean «normalizazioa, desmobilizazioa eta axolagabekeria» nagusi direla nabarmendu du Itaiak: «Indarkeria matxistak gure egunerokoa zapaltzen jarraitzen du, modu askotara: prostituzio sareak, familiaren baitako indarkeria kasuak, erailketak, egunerokoan jasan beharreko gutxiespen zein irain mezuak… Matxismoa normalizatzen ari da, eta ironikoa badirudi ere, indarkeria matxistaren aurkako borroka maila sozialean apalduta dago. Kaleak berreskuratzeko garaia da».

 

Azaroak 25

ADUNA

  • 18:30. Aiztondoko mugimendu feministak antolatuta, elkarretaratze musikatua, plazan.

Alegia

  • 17:00. Mural bat egiteko eskulan tailerra, plazan.
  • 19:00. Elkarretaratzea, plazan.

ALTZO

  • 18:00. Elkarretaratzea, plazan.

AMASA-VILLABONA

  • 19:00. Elkarretaratzea, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezkoen zubian. Eguraldi txarrarekin, 
    Berdura plazan.

AMEZKETA

  • 19:00. Elkarretaratzea plazan.
  • Goizean zehar, Zumadiko ikasleek plazara eramango dute Tratu onak bereiztearen inguruko lanketa.

ANOETA

  • 18:30. Indarkeria matxistari aurre egiteko elkarretaratzea plazan, Anoetako mugimendu feministak antolatuta.

ASTEASU

  • 18:30. Aiztondoko mugimendu feministak deituta, ekitaldia, plazan.

BERASTEGI

  • 19:00. Ekitaldia, plazan.

BIDANIA-GOIATZ

  • 19:00. Elkarretaratzea, frontoian.

IKAZTEGIETA

  • 15:00. Horma-irudi kolektiboa, erabilera anitzeko gelan.

IRURA

  • 19:00. Elkarretaratzea, plazan. Egunean zehar, zenbait ekintza egingo dituzte ikastolan.

ORENDAIN

  • 17:00. Murala margotzea, plazan.
  • 18:00. Elkarretaratzea, plazan.

TOLOSA

  • 19:00. Tolosako Asanblada Feministak deituta, manifestazioa, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean, 
    Trianguloa plazatik.
  • 20:00. Tolosaldeko Itaiak deituta, manifestazioa Indarkeria matxistaren aurka, kaleak hartu lelopean, Euskal Herria plazatik. 

ZIZURKIL

  • 18:45. Irradaka, Saski kafetegiaren aurrean. Eguraldi txarrarekin, Joxe Arregi plazan.
  • 19:00. Elkarretaratzea, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezkoen zubian. Eguraldi txarrarekin, Villabonako Berdura plazan.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!