ELKARRIZKETA

«Emaitzek azaldu dutena baino irudi okerragoa genuen buruan»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko azaroaren 29a

Aratz Labaien eta Iñigo Madinabeitia. A.A.A.

Master amaierako lanean irakasleek zein euskal kontzientzia duten aztertu dute titulazioa eskuratu berri duten Aratz Labaienek eta Iñigo Madinabeitiak; espero baino «egoera hobea» topatu dute.

Goierriko eta Tolosaldeko irakasleek zenbateko euskal kontzientzia duten aztertu dute Aratz Labaien (Legorreta, 2002) eta Iñigo Madinabeitia (Legorreta, 2001) irakasleek. Zuzenbidea ikasi zuen lehenak, eta historia, bigarrenak; irakasle izateko masterrean elkartu eta titulazio amaierako lanean izan dute aztergai aipatutakoa. Eskualde bakoitzeko hiruna ikastetxe hartu dituzte lagintzat, eta, guztira, 129 irakaslek bete dute haien galdetegia. Bien artean kontatu dituzte ikerketaren nondik norakoak, zailtasunak eta ezustekoak.

Zehazki zer neurtu duzue?

Aratz Labaien: Testuingurua da DBH eta Batxilergoko irakasle izateko masterra egiten ari ginela, zehazki, master amaierako lana. Hezkuntza aztertu nahi genuen, eta lotu nahi genuen euskal kontzientziarekin edo identitatearekin; ikusten genuelako bazegoela halako beherakada edo atzerakada bat gizartean, gazteen artean, eta baita irakasleen artean ere. Goierrin eta Tolosaldean ere antzematen genuen identitate, kultura edo kontzientzia galera hori.

Ikusten genuen beti ikasleak jartzen direla erdigunean: gero eta gutxiago egiten dutela euskaraz, geroz eta gutxiago direla euskaldunak... Guk, aldiz, fokua irakasleengan jartzea erabaki genuen. Eta horixe aztertu dugu: irakasleen euskal kontzientzia. Horretarako hainbat parametro hartu ditugu: hizkuntzaren erabilera, komunikabideen kontsumoa, eskoletan zein baliabide erabiltzen dituzten...

Iñigo Madinabeitia: Ondorioak aztertu ditugu, kontuan hartuta nondik datozen irakasleak ere. Eta ikerketa mugatu dugu mugatu egin behar zelako. Horrela, Goierriko zein Tolosaldeko hiruna ikastetxe hartu eta galdetegi bat pasa genien. 129 irakaslek erantzun zuten, eta batez beste antzeko kopuruak erantzun du ikastetxe guztietan. Emaitza horiek irakasle zehatz batzuekin kontrastatu nahi genituen, eta elkarrizketa sakon batzuk egin ditugu ondoren. Hasieran ikastetxeko elkarrizketa bana egin nahi genuen, eta, azkenean, hirutan egin ditugu, baina bikoitzak izan dira. Hau da, elkartu ditugu adineko irakasle bat, zeinak urte asko daramatzan ikastetxean; eta beste gazteago bat. Atera diren emaitzen inguruan-eta egin ditugu elkarrizketak. Interesgarria izan da.

Zailtasunik topatu al duzue?

Madinabeitia: Zailtasuna baino gehiago, agian, erresistentzia bertako langileen aldetik. Deika hasi eta zenbait ikastetxetan ezezkoa ematen zuten hasieratik. Irakasleek lan handia zutela, ezinezkoa zela... Azkenean ikastetxe batean irakasleak ezagutzen genituelako, beste batean aurretik ere izan ginelako, eta... Horrela osatu dugu, baina ez da erraza izan.

Labaien: Kikek [Amonarriz, tutore izan dute master amaierako lanean] ere lagundu zigun eta erreferentzia horrek erraztu zuen zertxobait. Horrelako gaiekin sumatu dugu ikastetxeetan halako... [pentsakor, une batez] Guk ez dugu eztabaidara sartu nahi. Badaude mahai gainean segregazioa eta ikastetxe ereduaren inguruko eztabaidak. Euskaltzaletasuna eta halako gai hauetan, askotan, ez dute sartu nahi izaten, eta hori bizitzea egokitu zaigu. Gero, irakasleekin orokorrean ondo aritu gara, baina ikastetxe bezala batzuengan sumatu dugu halako zalantza edo mesfidantza puntu bat. Emaitzak edo ondorioak ateratzeko garaian ez dugu zehaztu zein ikastetxetakoak diren; orokorrean landu dugu.

Madinabeitia: Erantzunak oso zehatzak ziren, baina ondorioa orokorra izan da.

Ikertzeko zergatik aukeratu dituzue Goierri eta Tolosaldea?

Madinabeitia: Gertutasunagatik eta erraztasunagatik. Edozein lekutara joateko ere errazagoa zen. Hasieran Euskal Herriko lan bat egin nahi genuen, baina Kikek berehala aholkatu zigun bospasei ikastetxetan egitea.

Labaien: Egia da gero uste baino lan gehiagorekin egin dugula topo; eta eskerrak mugatu ginen. Bi eskualde horiek aukeratzea izan da gu Goierrikoak garelako, eta Tolosaldea ondoan dagoelako. Beste gune batzuk ere aurreikusi genituen, baina azkenean horrela egin dugu.

Madinabeitia: Kontuan hartu behar da, baita ere, ikastetxe hauek topa daitekeen testuinguru euskaldunenean daudela ia. Beste eskualde batzuk ere izango dira parekoak, baina bi eskualde hauetako ikastetxeak, lehen begiradan, profil oso euskaldunekoak dira. Zentzu horretan, datuak atera zitezkeen positiboenak dira, testuinguru horretan behintzat.

Labaien: Ondorioetan ere zehaztu dugu testuinguruaren barruan ulertu behar direla emaitzak. Ez dugu ikertu eta ez dakigu, baina hipotesi moduan aurreikusi dezakegu beste leku askotan eginda emaitzak okerragoak izango liratekeela. Eta hauek ere ez dira hamarrekoak.

Ba al zenuten aurreikuspenik edo hipotesirik?

Labaien: Nik emaitzek azaldu dutena baino irudi okerragoa nuen buruan. Gaur egun irakasle hasten diren gazte guztiak dira euskaldunak, guztiek dakite euskara; baina zenbateraino dira euskaltzaleak? Hasieran zalantza handi hori nuen, eta ikerketa honek erakutsi dit uste nuena baino hobea dela egoera. Hala ere, ez da hain ona; izan beharko lukeenetik oso urruti gaude oraindik.

Madinabeitia: Nik ere sentipen bera nuen. Esperientzia batzuk izan ditugu gazte bezala gure ikastetxeetan, eta irudi horrekin gindoazen. Niretzat, atera ditugun datuak oso onak izan dira; ñabardurekin, baina oso onak.

Ezustekorik topatu duzue?

Madinabeitia: Erantzun kontraesankorren bat topatu dugu; are euskararen aurkako diskurtsoren bat ere. Baina ez da ohikoa.

Labaien: Kasu bat topatu dugu; eta nahiko gogor aritu zen, gainera. Bada, ikastetxe batek ez lukeela euskara eta euskal kultura sustatu beharko; hizkuntza bat gehiago bezala ikasi beharko litzatekeela... Halako argudioak ematen zituen. 129tik bakarra izan da; baina gizartean ere halakoak gero eta gehiago dira. Horrelako mezuak zabaltzea ere errazagoa da; eta areagotzeko arriskua ere sumatzen dugu. Gaur egun irakaskuntzan edonor sar daiteke euskara jakiteari dagokionez, eta gizartean denetariko iritziak daude. Ez dugu arazo larri bezala identifikatu, kasu bakarra zelako.

Madinabeitia: Ikastetxearekin hitz egin genuen eta esan ziguten jakinaren gainean zeudela. Eta, gero, iritzi horrek ez zuela eragiten ikasleek eskola jasotzeko orduan.

Labaien: Horrez gain, ikusi dugu zenbait ikastetxetan lanketa bereziagoak egiten direla soziolinguistika jorratzeko, euskal kulturan sakontzeko... Adibidez, gure aurreko ikastetxean egoera aldatu da bertan ikasi genuenetik; antza, ikusi dute aldatzeko beharra dagoela, ez dutela lortzen ikasleak euskaltzaletzea, euskal kulturarekin atxikimendua garatzea... Tartean-tartean izan ditugu halako sorpresak.

Madinabeitia: Izan dira euskara politizatzeko beharra ere nabarmentzen zutenak. Erantzunak, oro har, nahiko osatuak ziren.

Iñigo Madinabeitia: «Sentsazioa dut D eredua ez dela nahikoa ikasleak euskalduntzeko»

Zein ondorio nabarmenduko zenituzkete?

Madinabeitia: Sentsazioa dut D eredua ez dela nahikoa ikasleak euskalduntzeko. Euskara lantzen dute, baina ez dira euskaltzaletzen. Horri buelta bat eman beharko litzaioke.

 

Aratz Labaien: «Oso-oso mundu erdaldunean bizi gara, eta irakasleek ez dute lortzen euskal identitate edo kontzientzia sustatzea»

Labaien: D eredua sortu zen garaian behar zehatz batzuk zeuden; gizartea, oro har, ez zen euskalduna. Bi eskualde hauetan ere aldaketa asko eman ziren demografikoki, sozialki... Eta gaur egun eredu berarekin jarraitzen da. Erronka berriak daude orain; etorri berriak daude... Hausnartu behar da horiekin zer egin, eta baita zer egin behar den bertakoekin ere. Testuingurua, oro har, gero eta erdaldunagoa da; baita Goierri eta Tolosaldea bezalako eskualdeetan ere. Sare sozialetan zein hizkuntza gailentzen den, erreferenteek zein hizkuntza darabilten... Oso-oso mundu erdaldunean bizi gara, eta irakasleek ez dute lortzen euskal identitate edo kontzientzia sustatzea. Batzuk badute, baina lehen naturalagoa edo errazagoa zen.

Irakasleen euskal kontzientziari dagokionez, ondorio nagusia da mantentzen dela, irakasleek badutela euskal kontzientzia. Harago, ondorioztatu dugu kantitatean hazi egin dela, baina kalitatean jaitsi. Lehen baino jende gehiago dago kontzientzia horren alde, baina kontzientziazioa lehen indartsuagoa zen. Gizartearen egoerarekin ere lotuta dago.

Madinabeitia: Galdetzen genien ea sare sozialak, komunikabideak, eskoletan erabiltzen dituzten baliabideak... zein hizkuntzatan erabiltzen dituzten; eta, gehienak, ez ziren euskaraz. Musika, prentsa idatzia eta... horiek euskaraz ziren, baina kito. Berria egunkaria, adibidez, irakasleen ehuneko oso handi batek irakurtzen du; gerora jakin dugu ikastetxe asko harpidedunak direla.

Baina liburuetan, adibidez... % 38k bakarrik irakurtzen du euskaraz. Horrek esan nahi du hamarretik seik ez duela nagusiki euskaraz irakurtzen; eta ez gara gizarteaz ari, irakasleez baizik. Goierrin eta Tolosaldean, euren burua euskaltzaletzat duten irakasleengan, hamarretik seik nagusiki ez irakurtzea euskaraz... adierazgarria da. Eta gauza bera gertatzen da filmekin eta telesailekin.

Labaien: Egia da eskaintza ere ez dela erdaren parekoa. Baina jakin nahiko nuke euskaraz egiten diren telesail eta film guztiak zenbatek ikusten dituzten. Ez dugu ikertu, baina... eskolan erabiltzen zuten materiala, aldiz, gehienek euskaraz egiten saiatzen zirela esan zuten.

Madinabeitia: Maparekin ere galdetzen genien zenbatek erabiltzen duten Euskal Herriko mapa, zazpi probintziekin. Batzuk esaten zuten mapa fisikoak eta ez zituztela erabiltzen, baina...

Labaien: Zentzu horretan, konturatu gara EAEko mapak agertzen direla liburuetan, eta pixkanaka hori ari dela nagusitzen iruditegian. Hori horrela, sumatzen dugu Hegoaldekoak gero eta Espainia alderago gaudela, eta Iparraldekoak, berriz, gero eta Frantzia alderago; eta arrakala hori handitzen ari dela. Ez hezkuntzan bakarrik, baita gizartean ere.

Ikerketako emaitzak, oro har, gizartera estrapolatu daitezkeela uste duzue?

Madinabeitia: Bi inguru horietako irakasleen datuak hartu ditugu. Ez dakigu Donostialdean, adibidez, zein profil duten. Ezin dugu bere horretan estrapolatu, behintzat.

Labaien: Horretan eragin handia dute ikasleen zein irakasleen ezaugarriek. Ezin dugu estrapolatu. Aurten Irunen nabil lanean eta sorpresa oso positiboa izan dut, espero nuena baino giro euskaltzaleagoa topatu dudalako irakasleen artean. Eta ikastetxe bakoitzaren arabera ere aldatuko da, jakina. Guk ere sumatu ditugu ezberdintasun handiak ikastetxe batetik bestera; nahiz eta ez dugun horretan sakondu.

Madinabeitia: Ezin da estrapolatu emaitza; baina ikerketa egin liteke berdin-berdin. Galdetegia zabaltzea eta emaitzak interpretatzea izango litzateke.

«Aldaketa behar da hezkuntzan eta garrantzitsua da, baina gizarte mailako aldaketa ere behar da»

Zein izan daitezke gakoak egoera iraultzeko?

Madinabeitia: Aldaketa behar da hezkuntzan eta garrantzitsua da, baina gizarte mailako aldaketa ere behar da. Denen aldetik eman behar da pausoa.

Labaien: Gaur egungo irakasle askok ez dituzte ezagutzen gazteen interesekoak izan daitezkeen erreferenteak. Arrakala handia dago irakasleen eta ikasleen artean; eta handitzen ari da, gainera. Arrakala hori gutxitzea gakoa izan daiteke.

Horrez gain, baita curriculuma egokitzea ere; gaur egun oso espainiartuta dago hemen. Ikastolen Elkarteak beste material mota bat erabiltzen du, beste lanketa batzuk egiten ditu... Euskal Herriaren erreferentzia erabiltzen du; eta hori ez da denetan gertatzen. Formakuntzak-eta nik uste garrantzitsuak direla. Mota askotakoak antolatzen dira; baina ez arlo horretakoak. Ez euskara, ez euskal kultura, ez ikasleengana nola iritsi... Askotan bigarren plano batean bezala geratzen da.

Madinabeitia: Ikasleen komunikatzeko gaitasuna ere asko jaitsi da. Horri ere pisu edo garrantzia handiagoa eman beharko litzaioke. Ikasleen idazteko zein hitz egiteko gaitasuna asko jaitsi da, pobre samarra da. Eta hori ikasgai guztietan landu beharreko zerbait da.

Labaien: Hor bazegoen beste datu bat: ikasleen erabilera maila. Emaitza kontraesankorrak atera ziren; baina, oro har, gazteok erabiltzen dugun euskara ez da lehen erabiltzen zena bezain kalitatezkoa. Eta horrek ere eragiten du ikasleengan. Irakasleek ere zaindu beharko lukete euskararen maila, eta ikasleekin gehiago saiatu. Erronka potolo eta zaila da; hori ezin da ukatu.

Madinabeitia: Ikerketa bera polita da, eta beste norbaitek bere lurraldean egitera ere gonbidatzen dugu.

Labaien: Interesgarria litzateke emaitzak alderatzea ere. Argazkia osatzen eta fidagarriagoa egiten lagunduko luke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!