Iragarpenak bete dira eta zuri esnatu dira eskualdeko txoko asko. Eta, ez soilik mendialdeko guneak, elurra beheko puntuetara ere iritsi baita. Tolosan, esaterako, zuritu ez badu ere, elurra egin du goizean goizetik.
Elurrak paisaia edertzen badu ere, eragozpenak ere sortzen ditu, trafikoan, esaterako. Hala, A-15 autobidea Andoaindik itxita dago lehen ordutik, beraz, Berastegik bertara joateko ezinezkoa da bide hori hartzea. Berastegitik Tolosarako Gi-2130 errepidea, baina, irekita dago. Bidania-Goiaztik Tolosarako GI-2634 errepidean, berriz, kateak behar dira.
Iker Ibarluzearen eguraldi iragarpenaren arabera, egunsentian eta goizeko lehen orduan 300 metroan agertuko da, uneren batean beherago egitea baztertu gabe. Ondoren, goizean eta arratsaldean gora egingo du, 800 metroan kokatu arte. Arratsaldean zaparradek jarraipena izango dute, eta gau aldera gutxiago botako du. Ipar-haizea nagusituko da. Tenperaturak behera egingo du, eta nekez gaindituko dira 3-6 graduak.
Bihar goizean hodei batzuk agertuko dira zeruan, baina tantaren bat salbu, giro ateri eta lasaia nagusituko da. Eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan hodeiak eta ostarteak eta giro atsegina nagusituko dira, baina arratsalde erditik aurrera mendebaldetik barrena hodeiak ugarituko dira. Gauean fronte bat iritsiko da eta euritara joko du, eta zaparrada ederrak utziko ditu. Hego-haizea nagusituko da. Tenperaturak gora egingo du, eta gehienez 7-10 gradu harrapatuko ditu.
Zure argazkiak gurean
Tolosaldean elurra ari duela eta, zure argazkiak edo bideoak bidali nahi badituzu hau duzu bidea: e-maila bidali ataria@ataria.eus helbide elektronikora, eta Ataria.eus-en argitaratuko ditugu.
Irudietan Abaltzisketa, Berastegi, Bidania-Goiatz, Villabona eta Izaskun ageri dira.