UEMArekin hizkuntza irizpideak adostu ondoren, 2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabankek eta Laboral Kutxak. Horrela, 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. 2021ean, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA ere gehitu zen. Gaur, hitzarmena eguneratu eta berretsi dute UEMArekin hiru finantza erakundeek, horien bulegoak dituzten 59 udalerri euskaldunetako udalekin batera.
Udal horietako alkateak eta ordezkariak Tolosan izan dira gaur eguerdian, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin dute. Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta UEMAko lehendakari Martin Aramendik hartu du ondoren hitza, gaur sinatutako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko. Ondoan izan ditu Aitor Aranburu Olabarri Kutxabanken Txikizkako Bankaren Zuzendari Nagusia, Iñaki Egizabal Zinkunegi Laboral Kutxaren Pertsonen Departamenduko zuzendaria eta Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa ABANCAko euskara koordinatzailea.
Horiei guztiei eskerrak eman dizkie Martin Aramendik, ekimen honen garrantzia ulertzeagatik eta hitzarmenarekin bat egiteagatik. «Gaur UEMArekin eta 59 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute. Beraz, jarrera eredugarria dute, zalantzarik gabe».
Laboral Kutxaren izenean, Iñaki Egizabalek adierazi duenez, duela 27 urte UEMArekin elkarlanean hasi zirenetik asko aldatu dira erronkak zein bezeroarekiko harremanak, baina kalitateari eusteko ezinbestekoa zaie euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea: «Atsegin handiz heltzen diogu, beste behin, duela 27 urte UEMArekin irekitako ibilbidearen erronkari. Egoera eta testuingurua asko aldatu da denbora-tarte luze honetan, baita teknologia eta bezeroekiko harremana ere, baina Laboral Kutxak ohiko filosofiari eutsi nahi dio hitzarmen honen bidez, bezeroei eta gizarteari kalitatezko zerbitzua emanez, euskaldunei zerbitzua euskaraz eskainiz. Akordio honek esanahi berezia du guretzat; hitzarmenak aukera ematen digu hobekuntza aukerak antzemateko. Akordioa ez da helmuga, bide luze baten beste urrats bat baizik».
Kutxabankeko Aitor Aranburuk, berriz, adierazi du 2016an sinatu zutela UEMArekin lehen aldiz hitzarmena, eta hura eguneratzen eta berritzen joan dela, helburu argi batekin: «UEMArekin sinatutako akordio honek trakzio-lana sortzen du hizkuntza-kudeaketako prozesuetan, hobeak izatea eskatzen baitigu. Bezeroa da gure zentroa, eta harekin izaten ditugun elkarrizketak dira gure lan-tresna; horregatik, gure harremanetan beti bilatzen dugu bezeroak aukeratzen duen hizkuntzan hitz egitea. Horrela, denboran iraunkorrak diren konfiantzazko loturak estutzea lortzen dugu».
Bezeroekin harremanak euskaraz izan daitezen, finantza erakundeek UEMArekin adostu eta osatu dituzte langileentzako hizkuntza irizpideetan, eta hitzarmena sinatu duten udalerri guztietarako bulegoetako lankideei zabalduko diete.
UEMAk Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin 2016an sinatutako hitzarmena 2021ean gehitu zen Bankoa ABANCA, eta orduan sinatutakoa berretsi eta eguneratu du gaur. Ana Urkiza Bankoa ABANCAko Euskara Koordinatzaileak ondorengoa adierazi du: «Duela lau urteko hitzarmena lehenbizikoa izan zen Bankoa ABANCArentzat eta, beraz, erronka berri bat izan zen. Hari erantzuten saiatu gara lau urte hauetan, eta bidea egin dugun seinaletzat hartzen dugu hitzarmen berri hau sinatzea. Baita bidea egiten jarraitu nahi dugula erakusten duen keinutzat ere. Gure gizartearekin, euskal kulturaren zaintzarekin eta bezeroen hizkuntza eskubideekin hartzen dugun konpromisoa da».
Ekitaldia amaitzeko, UEMAk, hiru finantza erakundeek eta hitzarmena sinatu duten 59 udalek hitzarmenaren atarian bildutakoa ekarri du gogora UEMAko lehendakari Martin Aramendik: «Batetik, kalitatearen osagai funtsezkoa dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula dela euskara eta, beraz, hau lehenesteko neurriak hartzea ezinbestekoa dela, euskara zabaltzeko eta sendotzeko asmoz, beti ere bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian aitortuz».
Hitzarmena, zazpi puntutan bilduta
Hori guztia bermatu ahal izateko, UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Bankoa ABANCAk eta 59 udaletako alkateek hainbat kontu hitzartu eta zazpi puntutan bildu dituzte. Honakoak, zehazki:
1. Elkarren arteko harremanak. Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira. Hori bermatzeko baliabideak jarriko dituzte bi aldeek; finantza entitateen kasuan, udalerrietako bulegoetan ez ezik, baita gainerako ataletan ere.
2. Hizkuntza irizpideak. Finantza entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan. Helburu hori betetzeko asmoz, besteak beste, honako neurri zehatz hauek ezarriko ditu:
- Lehen hitza. Langileek euskaraz egingo diote lehen hitza bezeroari.
- Mezu elektronikoak. Posta elektroniko bidezko mezuak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, edo ele bietan; ele bietan bidaltzekotan, euskara lehenetsiko da.
- Produktuak. Finantza produktuei buruzko informazioa euskaraz emango dute langileek, non eta bezeroak ez duen aurkakoa eskatzen; idatzizko informazioari dagokionez, euskaraz emango dute, edo, bezeroak hala eskatzen badu, ele bietan. Helburu hori lortzeari begira, entitateak bereziki zainduko du langileek badutela nahiko trebetasun produktuei buruzko informazio teknikoa euskaraz emateko.
- Txartelak. Euskaraz konfiguratuko dira txartelak, bezeroak aurkakoa eskatu ezik.
- Eskaintza aktiboa. Finantza entitateak ahalegina egingo du bezeroek gero eta gehiago erabil dezaten euskara bere zerbitzuetan. Horretarako, batetik, kartelak jarriko ditu bulegoetan, langileek badakitela adierazteko eta euskaraz aritzera gonbidatzeko; bestetik, erabilera sustatzeko kanpainak egingo ditu aldian-aldian.
- Kutxa automatikoak. Txartela sartu aurreko mezuak euskaraz agertuko dira kutxa automatikoetan: bai publizitatea, bai sartu txartela eta horrelako mezuak.
- Hizkuntza paisaia. Euskaraz egongo dira bulegoetan jarritako iragarki kartelen %75 gutxienez, barrura zein kanpora begira. Kartel elebidunak jartzekotan, euskarazko mezua nabarmenduko da. Bulegoak publizitaterik jartzen badu tokiko argitalpenetan (aldizkariak, egitarauak…), euskaraz jarriko du. Bulegoko seinaleak euskaraz edo ele bietan jarriko dira; ele bietan bada, euskara lehenetsita. Eskuorrietan euskara lehenetsiko da, eta bulegoetan bezeroek hartzeko moduan dauden eskuorrien %75 gutxienez egongo dira euskarazko aldea ikusgai dutela.
- Toponimoak. Leku izenak erabiltzean, euskarazko izen ofizialak baliatuko dira.
- Eragiketak. Libretetan eta kontuetan eragiketaren bat erregistratu behar denean, erregistroak euskaraz egingo dira, non eta bezeroak ez duen kontrakoa adierazten.
- Bezero gazteak. 35 urtetik beherako bezeroei euskara hutsez bidaliko zaizkie komunikazioak, haiek ez badute besterik eskatzen —kasu horretan, ele bietan bidaliko zaizkie komunikazioak, betiere euskara lehenetsita—. Bezero berriak hartzeko prozeduretan txertatuko da irizpide hori, harremana euskaraz has dadin.
3. Langileak. Irizpide horiek guztiak ezartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, osagai funtsezkoa dira finantza entitateko beharginak. Horiei begira, neurri hauek hartuko dira:
- Ezagutza. Bulego horietako langileak gai izango dira edozein lan mota euskaraz egiteko. Xede hori lortzeko, trebakuntza eskainiko die entitateak, eta baliabide informatikoak prestatuko ditu. Bulego horietan zerbitzu emateko kontratatutako langile berriak, finkoak zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.
- Harrera. Langile berri bat hasten denean, harrera egitean azalduko zaizkio hitzarmen honetan jasotako irizpideak. Horrekin batera, udalerri euskaldunei buruzko oinarrizko informazioa helaraziko zaio, aurrez prestatutako material baten bidez. Hitzarmen hau indarrean sartzean, jadanik bulego horietan lanean ari diren behargin guztiei bidaliko zaie udalerri euskaldunei buruzko materiala.
- Lan hizkuntza. Langileen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegina egingo du entitateak, lankideen hizkuntza ohituretan bereziki eraginez. Horretarako, euskararen erabilera sustatzeko antolatzen diren ekimenetan parte hartzea sustatuko du entitateak.
4. Banka elektronikoa. Euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz. Bezeroek gailu elektronikoak euskaraz konfigura ditzaten sustatuko du finantza entitateak, hori bultzatzeko kanpainak eginez, kontuan izanik euskaraz konfiguratzea inportantea dela zerbitzuak euskaraz erabiltzeko.
5. Hedapena. Udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.
6. Jarraipen batzordea eta ebaluazioa. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek. Urtean behin gutxienez bilduko da, eta haren egitekoa izango da ezarritako irizpideen jarraipena egitea.
7. Indarraldia. Hitzarmen honek lau urteko iraunaldia izango du. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.
Alde guztiek ohiko komunikazio euskarriak erabiliz herritarrei zein bezeroei hitzarmen honen berri emateaz gain, hiru finantza erakundeen bulegoetako langileei hitzarmenaren arrazoiak eta edukiak ezagutarazteko gida ere prestatu dute elkarlanean, hizkuntza irizpideak bilduta, eta finantza erakundeek gaurtik aurrera helaraziko dizkiete gida horiek langileei, irizpideak argi izan ditzaten.
[Oharra: Bankoa ABANCAren kasuan, hitzarmenaren puntu gutxi batzuetan apalagoak dira konpromisoak].
----------------------------------
Hitzarmena, herriz herri
Honakoak dira hitzarmena sinatu duten 59 udalerri euskaldunak:
- Kutxabankekin eta UEMArekin: 22.
Alegia, Amezketa, Anoeta, Areatza, Asteasu, Ataun, Aulesti, Bakio, Berastegi, Berriatua, Busturia, Dima, Ibarrangelu, Legorreta, Lizartza, Mendaro, Mundaka, Otxandio, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zestoa.
- Laboral Kutxarekin eta UEMArekin: 8
Bera, Doneztebe, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Leitza, Lekunberri, Lesaka eta Ormaiztegi.
- Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin eta UEMArekin: 23.
Amasa-Villabona, Antzuola, Aramaio, Astigarraga, Azkoitia, Deba, Getaria, Hondarribia, Ibarra, Idiazabal, Igorre, Larrabetzu, Lekeitio, Lezo, Markina-Xemein, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ondarroa, Orio, Orozko, Usurbil eta Zumaia.
- Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, Bankoa ABANCArekin eta UEMArekin: 6.
Azpeitia, Bergara, Bermeo, Hernani, Tolosa eta Zarautz.
---------------------------------------------------------------