Azken hiruhilekoan 236.459 euro izan da etxebizitzen batez besteko prezioa

Ataria 2025eko azaroaren 20a

Joan den urteko epe bereko kopuruaren antzekoa da. Duela hamar urte 151.371 euro izan zen batez besteko prezioa. Eskualdeko batez besteko alokairua 658,9 eurokoa da; 2016an, berriz, 537 eurokoa zen.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak higiezinen merkatuaren inguruko datuak eguneratzen ditu hiruhilero. Bada, Tolosaldean etxebizitzaren salerosketaren batez besteko prezioa 236.459 eurokoa izan da urteko bigarren hiruhilekoan. Alokairuaren batez bestekoa, berriz, 658,9 eurokoa da.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.234 izan zen etxebizitza berrien eta erabilien salerosketa kopurua, aurreko hiruhilekoan baino % 7,4 gutxiago. Tolosaldeari dagokionez, 136 izan ziren, 131 erabilitako etxeak, eta 5 berriak. Tolosan izan ziren salerosketa gehien, 69, Gipuzkoako guztizkoaren % 3.

Salerosketa transakzioen eraikitako metro koadroko batez besteko prezioa 2.853 eurokoa izan da Tolosaldean azken hiruhilekoan. Aurreko hiruhilekoan, 2.508 euro izan zen, eta duela urtebete, hau da, 2024ko bigarren hiruhilekoan, 2.381 euro. Beraz, igoera nabaria da. Hamar urte atzera egiten badugu, 2015 urteko bigarren hiruhilekoan, 1.598 euro izan zen metro koadroko batez besteko prezioa.

Gipuzkoako batez bestekotik behera dago Tolosaldekoa, bertan 3.626 euro izan baita. Inoizko kopurua handiena da, aurreko hiruhilekoan baino % 1 handiagoa eta aurreko urtekoa baino % 6,3 handiagoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta 3.220 eurora jaisten da batez bestekoa. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 2,1eko hazkundea izan du, eta aurreko urtearekin alderatuta, % 6,3koa.

Hiriburuei begiratuta, Donostia da etxebizitzen salerosketan metro koadroko batez besteko prezio altuena duena. Azken hiruhilekoan, 5.853 euro izan da batez besteko prezioa metro koadroko. Aurreko hiruhilekoan baino % 0,8 gehiago eta aurreko urtean baino, % 5,7 gehiago.

Bestalde, etxebizitzen salerosketaren batez besteko prezio osoa 236.459 euro izan da Tolosaldean azken hiruhilekoan. Aurreko hiruhilekoan, 203.043 euro izan zen, eta iazko bigarren hiruhilekoan, 236.290 euro. Hamar urte atzera egiten badugu, berriz, 2015 urteko bigarren hiruhilekoan, etxebizitzen salerosketaren batez besteko prezio osoa 151.371 euro izan zen.

Kasu honetan ere, noski, Tolosaldeko datua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batez bestekotik behera dago. 264.785 euro izan da azken hiruhilekoan, aurrekoan baino % 1,1 gehiago eta aurreko urtean baino % 6,2 gehiago. Gipuzkoak erregistratu du batez besteko kopuru handiena, 301.200 euro, eta hiriburuetan ere, Gipuzkoakoa izan da altuena, 493.013 euro, aurreko urtean baino % 5,5 gehiago. Azken kasu honetan, hamar urte atzera eginez gero, 302.548 eurokoa izan zen prezio osoaren batez bestekoa.

Aipatzekoa da, Donostiaz gain, Gipuzkoako Zarautzen eta Hondarribian 400.000 eurotik gorako batez bestekoa izan dutela, 490.383 euro eta 477.400 euro, hurrenez hurren.

Alokairua, 658,9 euro

Alokairuari dagokionez, 2025eko martxoan indarrean zeuden kontratuetakoak dira azken datuak, eta horren arabera, Tolosaldean hileko batez besteko alokairua 658,9 euro izan da, 7,9 euro eraikitako metro koadroko. Denera, eskualde osoan 1.905 fidantza zeuden. Joan den urtean 681 eurokoa (8,5 euro metro koadroko) izan zen alokairuaren batez bestekoa, eta duela bi urte 662,5 eurokoa (8,2 euro metro koadroko). 2016 urtera joaten bagara, 537 eurokoa izan zen, 6,3 euro metro koadroko.

Tolosako datuei erreparatuta, 681,5 euro (8,4 euro metro koadroko) izan da batez besteko alokairuaren zenbatekoa. Iaz, 690,8 euro (8,8 euro metro koadroko) izan zen, eta duela bi urte 682,4 euro (8,7 euro metro koadroko). 2016an, berriz, 552,9 euroan kokatu zen, 6,7 euro metro koadroko.

Eskualdeko bigarren herri handienean, Amasa-Villabonan, 656,8 euro (7,7 euro metro koadroko) da alokairuaren batez bestekoa. Iaz, 711,3 euro (8,7 euro metro koadroko) izan zen, eta duela bi urte, 653,2 euro (7,7 euro metro koadroko). 2016an, berriz, 535,7 euro izan zen batez bestekoa, 6,2 euro metro koadroko.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko batez besteko alokairuaren zenbatekoa 779,1 euro da, 10,3 euro metroko koadroko. Denera, 84.927 kontratu zeuden martxo bukaeran. Kasu honetan ere, Gipuzkoan erregistratu da etxebizitzen alokairuaren batez bestekorik handiena, 812,8 euro, 10,4 euro metro koadro bakoitzeko. Gipuzkoako hiriburuan, berriz, 1.041,7 euro izan da alokairuaren batez bestekoa.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualdeak kontuan hartuta, Donostialdea-Bidasoan dago garestien etxebizitzen alokairua. Ondoren, Bilboko eskualdea legoke, eta hirugarren postuan Urola-Kosta. Tolosaldea zazpigarren legoke, Mungialdea, Araba erdialdea eta Durangaldearen atzetik. Aitzitik, azken postuan, hau da, alokairu baxuena duen eskualdea Arabar Errioxa da, 431,9 euroko batez bestekoarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!