Harreragunea, Tolosaldeko Harrera Zerbitzu Integrala jarri dute martxan. Eskualdean bizi diren edo biziko diren jatorri atzerritarreko pertsonek erabili ahal izango dute eta horretarako aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute. Gero, aurrez aurreko banakako bilerak astelehenetik ostiralera egingo dituzte, hiru gunetan: Tolosako Andre Maria plazan zabaldu duten bulegoan, Villabonako udaletxean edota Alegiakoan. Peñascal kooperatibako Izar Iriarte teknikariak informatu eta orientatuko ditu bertaratzen diren herritarrak jakin dezaten eskualdean zein baliabide dituzten eskura eta, beharrezkoa bada, deribatu egingo ditu beste zerbitzuetara.
Tolosaldeko udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak sustatu du zerbitzu berria eta saileko teknikari Amaia Iturriak azaldu du aspalditik zeukatela detektatuta harrera zerbitzu baten beharra: «Duela hiru urte egin zen atzerriko jatorria duten pertsonen egoera aztertzeko diagnostikoa eta hango ondorioak aintzat hartuta eta eskualdeko ordezkari politiko, teknikari eta hainbat gizarte eragileren parte hartzearekin iaz diseinatu zen Tolosaldeko Harrera Protokoloa. Helburu asko identifikatu ziren bertan, baina bat, zentrala, harrera zerbitzuarena izan zen».
Herriz herriko harrera
Tolosaldeko Harrera Zerbitzu Integrala diseinatzeko Usurbilgo, Hernaniko, Getxoko edota Bilboko esperientziak ezagutu dituzte baina ez dute inon eskualde mailako gisa honetako zerbitzurik topatu. Eskualdearen ezaugarriak kontuan hartuta, zerbitzuaren «deszentralizazioa» bilatu dute eta, beraz, Tolosan ez ezik, Villabonan eta Alegian ere izango dute bulegoa. Harrera protokoloan, dagoeneko, herriz herriko harrera gidak prestatu eta berritzeko helburua jaso zuten, baita herrietan harrera saioak egitekoa ere. «Joan-etorriko» bidea izango dela dio Iturrik: «Herrietako harrera saioak giltzarria izango dira herritarrak zerbitzura bideratzeko eta baita zerbitzura datozenak herritarrekin harremanetan jartzeko».
Erabiltzaileek egingo dituzten kontsulten artean nagusituko diren gaiak erregularizazio administratiboarekin lotutakoak izango direla aurreikusten dute arduradunek, edo bestela, gizarte babesarekin, enpleguarekin eta formazioarekin zerikusia dutenak. Horrek erakunde ezberdinen arteko koordinazioa eskatuko duela nabarmendu du Iturrik. Udaletan, adibidez, errolda egiterakoan, zuzenean emango zaio Tolosaldeko Harrera Zerbitzu Integralaren berri iritsi berri den pertsonari. Migrazio teknikariak argi utzi du, hala ere, erroldarik gabeko pertsonentzat ere zabalik izango dela orain martxan jarri duten zerbitzua.
Harreragunean esparru gehiago ere hartuko dituzte aintzat eta iritsi berriei hezkuntza sisteman dauden ereduen berri emango zaie, esate baterako; Andragora aurkeztu eta jabetze eskolako ikastaroei buruz informazioa emango zaie eta euskara ikasteko eskualdean dauden aukerak ere jarriko zaizkie mahai gainean. Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak aipatu du hizkuntzarena elementu garrantzitsua eta harrera prozesuetan kontuan hartu beharrekoa dela; horrekin batera, genero ikuspegia eta giza eskubideei ere arreta jartzea proposatu du.
Erronka aurretik
Tolosaldea Garatzeneko lehendakari Andu Martinez de Rituertok esan du etorri direnei akonpainamendu egokia egiteko sortu dela zerbitzua. «Aitortuak izateaz gainera, benetako herritartasuna gauzatu dezaten, komunitatearen parte izatera bultzatu nahi ditugu, dagozkien eskubide eta betebeharrekin. Bulego honekin gurera iristen direnei bidea erraztu nahi diegu».
Harrera zerbitzua gizarte «kohesionatu eta justuago» bat lortzeko pauso garrantzitsua izango dela uste du. «Hona datozenak integratzeko konpromiso politiko eta soziala dugu, baina ez hori bakarrik, legeak dio toki erakundeon betebeharra ere badela». Erronka handia dela aipatu du Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, 25 urteotan asko aldatu baita eskualdea: 1998an % 0,5 ziren atzerriko jatorria zuten eskualdeko herritarrak eta 2024an, berriz, % 12.
«Inklusioaren ideia erantsiko nuke. Pertsona guztiak, zoritxarrez, ez dira egoera berdinean iristen hona eta hori kontuan hartuta eskubide berdintasun batera iristeko politikak diseinatu behar ditugu guk», gehitu du foru diputatuak. Erakunde publikoen erantzukizunaz gainera, harrera prozesuek herritar guztiak interpelatzen dituztela uste du foru zuzendariak eta, honenbestez, dei egin die herritarrei gai hauetan aktiba daitezen.
TOLOSALDEKO HARRERA ZERBITZU INTEGRALA - HARRERAGUNEA
-
-
- HITZORDUA ESKATZEKO
- Telefonoa. 747 41 72 55
- Posta elektronikoa. harreragunea@tolosaldea.eus
- HITZORDUA ESKATZEKO
-
- TOLOSA
- Ordutegia. Astelehenean eta asteartean 10:00etik 14:00etara; asteazkenean, 15:00etatik 19:00etara.
- Non. Andre Maria plazako bulegoan.
- VILLABONA
- Ordutegia. Ostegunetan 10:00etatik 14:00etara.
- Non. Udaletxean.
- ALEGIA
- Ordutegia. Ostiraletan 10:00etatik 14:00etara.
- Non. Udaletxean.