Euskararen erabilera areagotzea helburu duen Puntu-puntuan zaude, atera labetik! kanpaina sustatu du Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak, udaleko euskara zerbitzuekin eta UEMArekin elkarlanean. Bertan, Alegiako, Amasa-Villabonako, Anoetako, Asteasuko, Ibarrako, Irurako, Tolosako eta Zizurkilgo 37 okindegik eta gozotegik hartuko dute parte.
Kanpainaren helburu nagusia da parte hartuko duten okindegien eta gozotegien hizkuntza paisaian euskararen presentzia areagotzea. Horrekin batera, bezeroak «euskara lasai erabiltzera» bultzatu nahi dituzte, eta hortik kanpainaren leloa. «Horretarako eta bidea egiten laguntzeko, merkatari bakoitzarekin banakako lana egin eta bakoitzaren errealitatearen arabera, eman beharreko pausuak aztertu eta proposatu dira». Galtzaundik egindako lan horri esker saltokietan erabiltzen diren etiketak eta bestelako idatziak euskaraz egongo dira 37 saltokietan. Egindako aldaketak bistaratzeko, eta, aurrerantzean gehiago egingo dituztela jakinarazteko, azaroaren 24tik 30era okindegi eta gozotegi bakoitzak doako bi ogi zozkatuko ditu erosleen artean zozketa-txartelen bidez.
Erosketak euskaraz
Galtzaundik gogoratu du hizkuntzaren ikuspegitik, saltoki bateko erakusleihoko eta barneko idatziek, bezeroak hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen dutela. «Eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara paisaia linguistikoan ikusteak, balioan jartzen du gure hizkuntza. Garrantzitsua da euskarak geroz eta espazio gehiago hartzea».
Kanpaina ikusarazi eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat ere zabalduko dute zinema aretoetan eta sare sozialetan. Kanpainarekin herriko saltokiek eta kasu honetan okindegiek zein gozotegiek herriaren garapenean duten eragina nabarmendu nahi dute, euskararen erabileran ematen ari diren pausoak txalotzeko. «Saltokiei bezalaxe orain herritarrei dagokie eguneroko praktiken bitartez gertuko saltokietan ere euskara balioan jartzea».
Hauek dira kanpaian parte hartuko duten okindegi eta gozotegiak:
-
Alegia: Errotatxo eta Ruta 33
-
Amasa-Villabona: Amasa, Aramendia, Errotatxo eta Labezain
-
Anoeta: Errotatxo eta Laia
-
Asteasu: Kabela
-
Ibarra: Azkue, Oramahai, Errotatxo eta Mahmoud
-
Irura: Xare
-
Tolosa: Aradulce, Aramendia, Bizilagun, Goiz argi, Eceiza (Rondilla), Eceiza (San Frantzisko), Erreberri, Errotatxo (Andia kalea), Errotatxo (San Frantzisko), Garia, Gozona, Idaberri, Ogi Berri (Eskolapioetako lorategiak), Ogi Berri (Izaskun auzoa), Ogi Berri (Rondilla), Ogi Berri (San Frantzisko), Ogi Ona (Korreo kalea), Ogi Ona (MJ Iraola), Opil (Larramendi), Opil (Laskorain kalea), eta Saizar
-
Zizurkil: Ogi Berri eta Saski