Ozen entzun da Judo Klub Tolosaren izena Munduko Txapelketan

Ataria 2025eko azaroaren 19a

Unai Regillaga, Unai Saralegi, Maria Ongay, Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri, Usabal kiroldegian.

Nage No Kata modalitatean laugarren eta bosgarren egin dute klubeko bi bikoteek absolutu mailan. Maria Ongayk brontzezko domina lortu du beteranoen mailan.

Judo Klub Tolosak emaitza bikainak lortu ditu Parisen jokatu berri den Munduko Txapelketan. Nage No Kata modalitatean bi bikote lehen bost postuetan sartu dira senior mailan: Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri laugarren izan dira eta Unai Saralegi eta Unai Regillaga bosgarrenak. Maria Ongay borroka modalitatean beterano mailan lehiatu da eta brontzezko domina lortu du.

Ongayren ibilbidea esanguratsua da. Judoan lehiatzen aritu zen hainbat urtetan eta gero utzi egin zuen haurdun geratu zenean; berriro itzuli zen lehiara eta Euskadiko Txapelketa batean parte hartu zuen eta lesionatu egin zen. Orduan utzi egin zion lehiatzeari eta hamasei urte egon zen judorik egin gabe. Iazko irailean itzuli zen: «Nire anaiak animatu ninduen entrenatzera etortzera, berotu nintzen eta horrela hasi nintzen berriro».

Azken urtea gogorra izan dela esan du Tolosan jaio eta azken 20 urteetan Lasarten bizi den judokak: «Lanean txandaka, entrenatu, alabari kasu egitea... Orain urtebete ez nuen asmorik Munduko Txapelketa batera joateko. Asmoa zen itzultzea, baina segituan berotu nintzen Espainiako Kopa batera joateko». Apirilean egin zuen lehiaketa hori eta Oskar Gibelalde klubeko arduradunak bota zion aurten Munduko Txapelketa Parisen zela. «Itxura ona ote zuen galdetu zidan, eta nik baietz, joango ginela». Horretarako beste Espainiako Kopa batean parte hartu behar zuen, eta Kordoban izan zen urrian. «Lehiaketa horretatik hilabete bakarrik nuen mundukoa prestatzeko; mugitu nintzen eta Parisera joan ginen».

Ongay F3 mailan lehiatu zen, 40 eta 44 urte artekoan, eta -57 kiloko kategorian. «Nire asmoa parte hartzea zen eta ea posible nuen borroka bat irabaztea». Zozketa bidez lehen borroka ekiditea tokatu zitzaion, eta bere lehenengo borrokan irabaztea lortu zuen. Finalerdira pasatu zen eta hor galdu egin zuen. «Gerora ikusi nuen irabazteko aukera nuela, baina lurrean harrapatu ninduen, eta hori ez da nire alde onena».

Ondoren brontzezko domina lortzeko borroka izan zuen jokoan, eta irabaztea lortu zuen ipon bat eginez. «Irabazi ondoren kostatu zitzaidan jabetzea brontzezko domina lortu nuela Munduko Txapelketa batean. Podiumean asko hunkitu nintzen, eta oraindik asimilatzen ari naiz lortutakoa». Hurrengo erronka abenduaren 7an jokoan izango den Espainiako Txapelketa izango da.

Ikasleak aurretik

Nage No Katako bikoteak ez ziren berriak Munduko Txapelketan, iazkoan sekulako emaitzak lortu baitzituzten: Saralegi eta Unai Regillaga txapeldunordeak izan ziren senior mailan eta Joseba Regillaga eta Etxarri txapeldunak 23 urtez azpikoan. Aurtengoan bi bikoteak maila gorenean lehiatu ziren, eta bikote gazteak beteranoaren aurretik amaitu zuen. «Alde batetik amorru puntu bat ematen du, eta bestetik poza», esan du Unai Regillagak. «Esaera batek badio une batean ikasleak maisuari irabazten diola, eta kasu honetan uste baino azkarrago gertatu da. Aurreko urtean nazioarte mailako txapelketa bat irabazi ziguten Madrilen, eta esan genuen zortea izango zela, baina bigarrengoa iritsi da». Klub bereko bi bikote Munduko Txapelketa batean horrelako maila erakusteak poza ematen duela gaineratu du.

Guztira 34 bikote lehiatu ziren eta Saralegi eta Regillaga bikoak azkenetakoak izan ziren sailkapen fasean parte hartzen. «Gure kasuan ordubete bakarrik izan genuen saio horretatik finalerakora. Ez genuen denborarik izan deskonektatzeko», esan du Saralegik. «Gure aurretik bikote ahulena atera zen. Epaileek puntuazioa pixka bat jaisteko joera izaten dute, eta orduan indartsu hastea komeni da, baina pixka bat zalantzati hasi ginen, eta ziurrenik horrek eragin zuen puntuazioan».

Senior mailan lehenengo Munduko Txapelketa izan dute Joseba Regillagak eta Etxarrik. «Guretzako senior mailako lehenengo txapelketak dira, eta lehenengo aukeran Munduko Txapelketa batean egoteak poza ematen du», esan du Etxarrik. «Ez genuen helburu jakin bat, gure lana ahalik eta txukunena egin eta ea zer gertatzen zen». Tarte gehiago izan zuten sailkapeneko saiotik finaleko saiora. «Nire ustez finalean kata ona egin genuen, baina Josebak esan zidan oso ona izan zela», azaldu du Regillagak. «Puntuazioa ikustean oso goran geratu ginen, hirugarren behin behinean, eta emozio handia sentitu genuen».

Bi bikoteen hurrengo erronka azaroren 30eko Espainiako Txapelketa izango da. Lehen bi postuak eskuratu nahi dituzte; ea orduan nor geratzen den aurretik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!