Asteburuan hasiko da Binakako Pilota Txapelketa, eta gaur eman dute parte hartuko duten pilotarien berri. Lehen mailan eskualdeko lau pilotari ariko dira lehian; horietako bi elkarrekin, Erik Jaka lizartzarrak eta Martxel Iztueta tolosarrak bikoteetako bat osatuko dutelako. Jokin Altuna amezketarrak ezohiko atzelaria izango du: Ezkurdia. Nafarra aurrelari moduan aritu da orain arte eta bere estreinakoa izango da atzeko koadroetan. Logroñoko San Mateo Torneoan aritu ziren elkarrekin. Iñaki Artola alegiarrak, berriz, Imaz izango du atzelari.
Beste bost bikoteak horrela osatu dituzte: Zabala-Martija, Elordi-Zabaleta, Peio Etxeberria-Rezusta, Laso-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II. Lehen hiru jardunaldietan enpresa bereko bikoteak ariko dira elkarren aurka. Asteburuan izango da lehen jardunaldia, eta Altuna III-Ezkurdia bikoak P. Etxeberria-Rezusta izango ditu aurkari Logroñon larunbatean. Jaka-Iztueta bikoak Larrazabal-Mariezkurrena II izango ditu kontrario Agoitzen igandean. Artola-Imaz bikoak astelehenean Tolosan jokatuko du lehen partida, eta Laso-Albisu izango ditu aurkari.
Otsailaren 15eko asteburuan jokatuko da hamalaugarren eta azken jardunaldia. Lehen bi bikoteak finalaurreko ligaxkara sailkatuko dira. Hirugarren eta laugarren sailkatuen arteko partida jokatuko da eta irabazlea pasako da ligaxkara. Galtzaileak bosgarren eta seigarren sailkatuen arteko partidaren irabazlearen aurka jokatuko du ligaxka jokatzeko azken txartela lortzeko. Finala martxoaren 29an jokatuko da Nafarroa Arenan.
Serie B Txapelketa
Azken urteotan Jon Ander Peña tolosarra lehen mailan aritu da, baina oraingoan bigarren mailan edo Serie B Txapelketan jokatuko du. Bere bikotea Salaverri II.a izango da. Gorka Ugartemendia alkizarrak Senar izango du aurrelari, eta Arkaitz Gabirondo gazteluarrarena Murua izango da. Beste bikoteak horrela osatu dituzte: Dario-Loza, Rekalde-Bikuña, Salaberria-Gaskue, Zubizarreta III-Aranguren eta Amiano-Eskiroz. Lehen mailakoren formatu bera izango du Serie B Txapelketak, eta finala martxoaren 21ean izango da.
