Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 25

Konplizitate sareen aurka mobilizatuko da mugimendu feminista azaroaren 25ean

Ataria 2025eko azaroaren 18a

Tolosaldeko Mugimendu Feministak elkarretaratzeak antolatu ditu eskualdeko herrietan azaroaren 25erako; feminismoaren kontrako diskurtsoak sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatuko dituzte.

Tolosaldeko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean Konplizitate sareren aurrean, erresistentzia feminista lelopean kalera ateratzeko deia egin die herritarrei. Aurten indarkeria matxista sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatu nahi dituzte mobilizazioetan.

Mugimendu feministaren ustez feministen kontrako gorrotozko mezuak, mezu transfoboak eta arrazistak inpunitate osoz zabaltzen ari dira sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan. Gaineratu dute, azkenaldian, erasoak salatzera atera direnen boikoteatu eta gutxietsi egin dituztela. «Hori egiten dutenak inguruan ditugun gizonak dira, haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun. Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira».

Eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldi batean aurkitzen garela baieztatu du mugimendu feministak. «Paktu patriarkala» deitu diote konplizitate eta anaidia sare horri: «Isiltasun sarak dira, eta gizonez gain, bestelako egiturek hartzen dute parte; indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeak, alegia, eta tartean, justizia sistema, non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen».

Horrekin batera salatu dute askok feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoa darabiltela bestelako gorrotozko mezuak zabaltzeko, arrazakeria zabaltzeko, adibidez. «Argi dugu mugimendu feministaren borroka antiarrazista izan behar duela, eta arrazakeria zabaldu nahi dutenen aurrean ere antolatuta egongo garela adierazi nahi dugu».

Hori guztia salatzeko protesta ekitaldiak antolatu ditu Tolosaldeko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean:

  • Altzo. 18:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Asteasu. 18:30ean elkarretaratzea plazan.
  • Anoeta. 18:30ean elkarretaratzea plazan.
  • Berastegi. 19:00etan ekitaldia plazan.
  • Bidania-Goiatz. 19:00etan elkarretaratzea frontoian.
  • Irura. 19:00etan ekitaldia plazan.
  • Tolosa.  19:00etan manifestazioa Triangulotik abiatuta.
  • Villabona-Zizurkil. 19:00etan elkarretaratzea bi herrien arteko oinezkoen zubian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!