Nazioarteko bisitak Herrikiden

Ataria 2025eko azaroaren 17a

Herrikide ikastetxean hasiera eman diote DBH3n Erasmus+ programaren barruan martxan duten La musique et la danse: l’identité d’un peuple proiektuari. Aste berean egin dute ere Job Shadowing programa, Hungariako bi irakasle eta Portugalgo irakasle batekin ikastetxean duten BIZI proiektuaren behaketa eginez.   

Buru-belarri lanean ibili dira Tolosan Herrikideko eta AE Damiao De Goes Portugalgo ikastetxeko ikasleak. Guztion artean identitate kulturala, honen garrantzia eta aldakortasuna, musika eta dantzan oinarritzen den gure euskal kultura eta kultura ezberdinen lanketa eta sentsibilizazioa ardatz hartuta, hainbat ekintza egin dituzte: Tolosako ondare kulturala, euskal musika, musika tresna ezberdinen historia Soinueneako bisitan, euskal dantzak, Donostiako argazki rallya… Hau guztia frantsesez eta ingelesez kulturen arteko ezberdintasunetatik ikasiz.

Bai Tolosan eta baita martxoan Portugalko Alenquer herrian izango duten esperientziak guztiz aberasgarriak direla esan dute, «ikasleak hezteko eta pertsona bezala hazteko balio izango duena».  Job Shadowing programa, ikastetxeen proiektu zehatzen bat edota hezkuntza proiektuez ikasteko bisitak egiteko Erasmus+ programak ahalbidetzen duen baliabidea da. Kasu honetan BIZI proiektuaren nondik norakoak ikusi eta ikastera Hungariako bi irakasle eta Portugalgo bat etorri direla esan dute.

BIZIn, astean 13 orduz eta ko-irakaskuntzaren bidez, ikasleek eremuka antolatutako proiektu interdiziplinarren bidez ikasgai ezberdinen eduki eta konpetentzi espezifikoak garatzen dituzte. «Guztiontzako kulturarteko aste guztiz aberatsa izan da, bizipenetatik ikasiz aritu direlako». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!