ERREPORTAJEA

Zuztarrik gabekotzat jo izan dena aditzeko

Jon Miranda Labaien 2025eko azaroaren 22a

Uxue Alberdi eta Begoña Durruty. Aitor Karasatorre / FOKU

Esne-berriketan liburuan oinarritutako bertso-saio literarioa egingo dute igandean Asteasun; Uxue Alberdik pasarteak irakurri eta gaiak jarriko dizkie Aner Peritz eta Maider Arregiri, eta Amorantek girotuko du saioa musikarekin.

Esne-berriketa esaten zitzaion garrantzia handirik gabeko hizketari, ganoragabeko jardunari edo txutxumutxuari; alper-kalakari, pisurik edo zuztarrik gabeko jarioari, eta sarrien, emakumeen arteko solasari. Uxue Alberdi Estibaritzi (Elgoibar, 1984) polita iruditu zaio kontzeptua berresanahitzea eta arreta jartzea ustez esateko ezer garrantzitsua ez daukan horri. Asmo horren emaitza da aste honetan aurkeztu duen Esne-berriketan (Elkar, 2025) liburua eta kontakizun-bilduma horretan oinarritutako bertso-saio literarioa.

Asteasun, igandean, 12:00etan udaletxeko ikus-entzunezko gelan emango dute saioa; Alberdi arituko da liburuko testuak irakurtzen eta haiek doinuetan bilduko ditu Iban Urizar Amorantek. Irakurriko diren istorio horietan oinarrituta gaiak jarriko dizkie idazleak Aner Peritz eta Maider Arregi bertsolariei.

Aurretik elgoibartarrak berak Dendaostekoak liburuaren inguruko bertso-saio literarioak antolatu izan ditu, eta modu bertsuan aritu izan dira Miren Amuriza (Pleibak), Nerea Ibarzabal (Bar Gloria) edota Ane Labaka ere (Hezur berriak), euren liburuak aurkezten. «Asko ematen digun formatu bat da, bai bertsolari modura, bai idazle modura ere. Liburuak jendeari gerturatzeko modu bat da. Ematen digu bertsoan egiteko beste abiapuntu bat, gaiak modu jakin batera kokatzen dira, atmosfera bat sortzen da», dio Alberdik.

Igandean Esne-berriketan liburua hartuko dute oinarri eta, hortaz, bertsolariei bizipenak biltzen dituzten ahozko istorioek emango diete bertsotarako aitzakia. «Saiatuko naiz giro guztietako kontakizunak eramaten saiora eta tokian tokira egokitzen. Agian Asteasu bertakoa ez, baina inguruari oihartzun egin diezaieketen istorioak sartuko ditut emanaldian».

Ipuin kontaketaren eta inprobisazioaren arteko ordu eta erdi inguruko saioa izango da. Asteasun emango dute estreinakoz, baina, gero, bertso-saio literarioak ibilbidea egingo du herriz herri —hilaren 24an Zumaian, 28an Ondarroan eta 30ean Zaldibian—. Gaiak eta bertsolariak aldatzen joango dira, istorio batzuk mantenduko dira eta beste batzuk aldatu. «Oinarri baten gainean etengabe berritzen den emanaldia izango da, bata bestearekiko diferentea».

Entzute-ariketa aktiboa

Oinarria, hortaz, liburuan biltzen diren 77 istorioek osatzen dute. Alberdi azkeneko bi urteetan hainbat herritan ibili da emakumeekin elkartzen, giro goxoan, besteak beste, Larrabetzun, Muxikan, Ondarroan, Getarian, Zarautzen, Orion, Hondarribian, Errezilen eta baita Bidanian ere. «Nire helburua ez zen hainbeste etnografikoa, baizik eta gaur egun bizirik dauden pertsonek emakumeak protagonista dituzten eta memorian gordetzen dituzten istorio esanguratsu eta onak jasotzea».

Bidania eta Errezilgo emakumeak 'Esne-berriketan' liburuaren aurkezpen ekitaldian, azaroaren 18an, Donostian. Otsail bukaeran egingo dute bertso-saio literarioa Saiaz Mankomunitateak antolatuta Bidania-Goiatzeko batzar aretoan.

Batzuetan lehenengo pertsonan kontatutako istorioak dira, eta beste batzuetan senitartekoren bati buruzkoak, edo herriko edo jaioterriko norbaiti buruzkoak. Izenetako batzuk aldatuta ageri dira istorioetan eta kontalarien zerrendan pertsona horien identitatea babesteko. «Badaude istorio mota batzuk denbora-pasa eta anekdotara murriztutakoan bakarrik onartzen direnak. Emakume hauek kontatzen den hori gertatzen ari zela ahoa zabaldu izan balute, segur aski, zigor handia jasoko zuketen. Haietako askok, oraindik ere, nik uste beldurra sentitzen dutela, eta nahiago dutela goitizenen atzean ezkutatu».

Badu aurrekari bat Esne-berriketan liburuak: Alberdik berak idatzitako Belarriko kilkerra (Elkar, 2023). Oraingo hau idazteko Eusko Jaurlaritzaren beka baten laguntza jaso du Alberdik: «Beste modu batera egindakoa da hau, gehiago mimatu ahal izan dut eta nahi adina denbora hartu. Belarriko kilkerra oso azkar egin nuen, jolas modura, proba bezala». Idazleak uste du iritsi nahi zuen tokira iristeko bidea zabaldu ziola aurreko liburuak.

 

Uxue Alberdi: «Istorio guztiak emakumezkoenak izaterakoan, liburuak beste zerbait esaten du; dianan gehiago jotzen du»

Aste honetan aurkeztu duen liburuak badu beste gorputz bat. Alberdik dio Belarriko kilkerra idatzi zuenean jabetu zela istorioetako asko gizonek gizonei buruzkoak kontatukoak zirela, batez ere tonu jakin batekoak: «Gaiztakeriak, gauza traketsak agertzen zirenean protagonistak beti gizonezkoak ziren. Konturatu nintzen emakumeei buruzko kera horretako istorioak jaso nahi banituen ahalegin estra bat egin beharko nuela eta haien bila jo. Entzute-ariketa horretan segi nahi nuen, baina gure genealogia horretatik gehiago erreskatatzeko. Helburua izan da urrats bat atzera egin eta esatea ‘hemendik gatoz’. Liburu honek badu beste taxu bat aurrekoaren aldean, istorio guztiak emakumezkoenak izaterakoan, beste zerbait esaten du; dianan gehiago jotzen du».

Zortzi ataletan banatuta

Istorio laburrak dira, beraz, ahozkoaren grazia mantentzen dutenak eta autorearen ustetan, jendearekin batera idatzitakoak. «Gauza bat da hitzek esaten dutena eta beste bat pertsona hori zer ari zaizun kontatzen, nondik, zein gorputzetatik». 57 kontalari diferentek kontatutakoak dira istorioak.

Denetariko kontakizunak daude: hunkigarriak, gogorrak, bitxiak, harrigarriak... Zortzi ataletan antolatu ditu Alberdik, eta horietako bakoitzean askotariko istorioak dauden arrean, kapitulu bakoitzak badu atze-oihal moduko bat. Laugarren atala da, esate baterako, gogorrenetakoa eta ilunenetakoa: biolentzia mota diferenteak kontatzen dira, etxe barrukoak, kalekoak zein psikiatrikokoak. Badago beste atal bat heriotzak zeharkatzen duena: «Garingo Plazidaren istorioa jaso dut, adibidez; 111 urterekin hil zen sinistuta Jainkoa berekin ahaztu zela. Izugarrizko sufrimendua eragiten zion horrek, uste baitzuen hazitarako utzia zegoela, denak sailean-sailean hiltzen ikusi eta bera hiltzen ez».

Uxue Alberdi: «Inportantea iruditzen zait era askotako tratuak izan direla azpimarratzea eta bizimoduari aurre egiteko modu asko»

Badaude kontakizun argitsuagoak eta egunerokotasunarekin zerikusia dutenak, eta aldi berean, asko esaten dutenak. «Iruditzen zaigu askotan garai bakoitzean modu batera edo bestera harremandu izan garela, baina inportantea iruditzen zait era askotako tratuak izan direla azpimarratzea eta bizimoduari aurre egiteko modu asko. Horren bila jardun dut. Emakumeekin bildu izan nintzenean galdetzen nien nola gogoratzen zituzten erditzeak, abortuak edo akorduan ote zuten heriotzari buruzko zerbait berezia; andre gaiztorik edo ausartik ezagutu ote zuten».

Grabagailuarekin eta koadernoarekin gerturatzen zen Alberdi hitzorduetara. Esanguratsuak iruditzen zitzaizkion istorioak azaltzen zirenean minutuak apuntatu eta etxera joandakoan idatziz ematen zituen pasarteok. «Saiatu naiz idatzian ahozkoaren grazia hori ahalik eta gehien mantentzen. Euskara batuan idatzitako istorioak izan arren, egon zitezela zipriztinduta tokian-tokiko esateko moduekin, esan-postura horiekin, euskalkien musikalitatearekin».

Uxue Alberdi: «[Durruty ilustratzaileak] Lotu ditu istorio guztiak eta beste esanahi geruza 
batzuk sortu ditu marrazkiekin»

Uxue Alberdi: «Saiatu naiz idatzian ahozkoaren grazia hori ahalik eta gehien mantentzen (...) istorioak egon zitezela zipriztinduta tokian-tokiko esateko moduekin»

Esne-berriketan osatzeko ezinbestekoa izan da Begoña Durruty ilustratzailearen ekarpena, istorio paraleloak kontatu baititu marrazkiekin. «Lotu ditu istorio guztiak eta beste esanahi-geruza batzuk sortu ditu marrazkiekin. Ni asko dauden tokian, lortu du gu baten sentsazioa transmititzea». Alberdik marrazki «bizi eta fresko» bezala izendatu ditu Durrutyrenak.

Bizitzaren inguruko liburu bat bezala definitu du autoreak, fokua, bereziki, emakumeengan jartzen duena. Horrela dio hitzaurrean: «Orriotan badira andre banderak, haizetara fra-fra jartzekoak; eta badira, andre pañeluak, etxekoak, barrurakoak, beren burua ondo plegatzen dakitenak. Badira kuleroak labean lehortzen dituzten andre señorak eta zuhaitzak aizkoraz botatzen dituzten andre mandoak; bost urteko artzainak eta atso kontrabandistak; abantekoak eta izuak, esanekoak eta etxekalteak, debilak eta fuerteak, txatxalak eta txorrotxak, zargastak eta zikin-zalamandranak, emakaitzak, andrekoiak, antzuak, lokak. Fosforozko eta merkuriozko andreak».

Asteasuko emanaldian emakume horiekin guztiekin egingo du topo Asteasura joaten denak. Memoria, transmisioa, hizkuntza, berben poza gustatzen zaion edonorentzat aproposa izan daitekeela uste du idazle elgoibartarrak. Hain bertsozalea ez den jendeak eta literatura maite duenak, edo alderantziz, bertsozalea izan eta hainbeste irakurtzen ez duenak esne-berriketan aritzeko parada izango du udaletxeko ikus-entzunezko aretoan, igandean,12:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!