Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 25

Azaroaren 25aren bueltako hiru ekitaldi egingo dituzte Tolosan eta Ibarran

Ataria 2025eko azaroaren 17a

Azaroaren 25 batean egindako manifestazioko irudia.

Bihar zortzi izango da Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna; bertso-saio literarioa, zaintzaren inguruko hitzaldia eta manifestazioa antolatu dituzte herriko zenbait eragilek, elkarlanean.

Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, hiru ekitaldi antolatu dituzte Tolosan eta Ibarran, bi herrietako zenbait eragilek elkarlanean.

Lehena hilaren 21ean (ostirala) izango da, Ibarrako elizan. 18:30etik aurrera bertso-saio literarioa izango da bertan. Amaia Agirre, Uxue Alberdi eta Alaia Martin ariko dira bertsotan, Ines Osinagak musikarekin lagunduko die eta Ane Labaka izango da gai-jartzailea. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak antolatu du ekitaldia, Ibarrako Udalaren laguntzarekin.

Bigarren hitzordua azaroaren 24an izango da. Zaintza nork? Non? Nola? izenburupean hitzaldia egingo du Pili Legarra Asteasuko alkate ohiak, euskaraz, Andragoraren Tolosako egoitzako areto nagusian. Oneka Euskal Emakume Pentsionisten Plataformak antolatu du, eta 18:00etan hasiko da.

Azkenik, Tolosako Asanblada Feministak manifestazioa antolatu du Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunerako. 19:00etan abiatuko da Trianguloa plazatik, eta Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista izango da aurtengo leloa.

‘Ziklikoak gara: Hilerokoa nerabezaroan’ lantegia

Bestalde, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak gogorarazi du hilaren 20rako eta 27rako nerabeei (11-14 urte) zuzendutako hilerokoaren inguruko ikastaroa antolatu duela; kultur etxean izango dira saioak, 17:30etik 19:00etara, eta Sexune elkarteko Idoia Etxanizek gidatuko ditu. Gaiaren inguruko tabu, aurreiritzi eta estereotipoei aurre egitea izango da saioen helburua. Gazteria Sailarekin, Topagunearekin eta Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun Sailarekin elkarlanean antolatu du saioa berdintasun sailak. Nahi duen orok oraindik aukera dauka izena emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!