Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 322.000 euroko diru-laguntza eman dio Tolosaldea Garatzen agentziari eskualdeko enpresek eta erakundeek langabeak kontratatu ditzaten. Laguntza horietatik 222.000 euro eskualdeko enpresentzat izango dira, eta 100.000 euro hirugarren sektoreko entitateentzat.
Diru-laguntzen helburua da enpresek Lanbiden izena emandako langabeak kontratatzeko dituzten «zailtasunak arintzea» eta lan-merkatuan «sartzea erraztea». Funtsak agortu arte, gehienez, 32 kontratu lagunduko dituzte; horiek, 2025eko abenduaren 31rako eginda egon beharko dute eta kontratu mugagabeak izan beharko dira.
Ezaugarri nagusiak
Enpresek aurkezten dituzten kontratuek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hain zuzen, kontratu mugagabea izatea; laguntzak, gehienez, kontratazioaren % 75 finantzatzea; eta eskualdean erroldatutako pertsonak kontratatzea.
Gehienez 8.800 euroko laguntza jasoko dute, baina badira zenbait salbuespen: kolektibo berezietako pertsonak kontratatuz gero (DSBE/GBE onuradurak, iraupen luzeko langabeak eta 35 urtetik beherako edo 55 gorako pertsonak) laguntza kostuaren % 100 finantzatzera irits daiteke eta, gehienez, 11.000 euro jasoko dituzte. Bestalde, araudi bereizia izango dute ekitaldi publikoetako artistek eta langile teknikoek.
Enpresentzako baldintzak eta epeak
Laguntzak eskatzeko zenbait baldintza ere bete beharko dituzte enpresek, esate baterako, eskualdean izatea egoitza eta jarduera-eremua. Horrez gain, ez dute formazioko eta praktiketako kontraturik onartuko; 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egindako kontratuak bakarrik lagunduko dituzte; eta kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute, azken sei hilabeteetako batez besteko langile kopurua kontuan hartuta.
Eskaerak 2026ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte Tolosaldea Garatzenen bulegoan (Lehiberri Zentroa) edo lan3@tolosaldea.eus helbide elektronikoan.
Urtez urteko emaitzak
2013az geroztik, Tolosaldean guztira 436 kontratu lagundu dituzte Lanbideren laguntza horren bitartez. Horietatik 419 eskualdeko pertsonak izan dira; eta 17, aldiz, eskualdetik kanpokoak. Hamabi urtetan (2013tik 2025era), guztira, 2.831.826,75 euro bideratu dituzte dirulaguntza horretara.