Emakumezkoetan aurrera, gizonezkoetan kanporatuak

Ataria 2025eko azaroaren 14a

Miren Larrarte, eskuinetik bigarrena, Kubaren aurkako partida hasi aurretik. EEPF

Munduko Frontball Txapelketan partida erabakigarrietara iritsi dira, eta emaitza ez da guztiz aldekoa izan eskualdeko pilotarientzat. Final-laurdenetan Miren Larrartek partida irabazi eta finalerdietan izango da euskal selekzioa. Julen Alberdik ez du bere partida irabazi, eta gizonezkoetan txapelketatik kanpo geratu dira.

Azken txanpan sartu da Munduko Frontball Txapelketa, eta atzo ligaxkako azken partidak eta final-laurdenak jokatu zituzten. Itxaso Erasun zizurkildarrak jokatu zuen ligaxkako azken partida emakumezkoen absolutu mailan. Peruko Cristina Nuñezen aurka garaipen erraza lortu zuen, 10-02 eta 10-01. «Oso sentsazio onak» izan zituen. Final-laurdenetan Miren Larrarte bidaniarrak jokatu zuen, eta Wendy Leidys kubatarra izan zuen aurkari. Lehen jokoa borrokatua izan zen, Larrartek azaldu duenez: «Oso azeleratuta atera naiz lehen setean eta bete egin naiz. Parean joan gara, eta azkenerako lasaitzen joan naiz eta indarrarekin jo beharrean gehiago markatzera joan naiz». Bigarren setaren hasieran tanto luze eta gogor bat jokatu zuten eta bidaniarraren alde erori zen. «Handik aurrera aurkaria nekatuta egon da, eta ni oso gustura lortutako garaipenarekin». Azken emaitza 10-06 eta 10-02 izan zen.

Gizonezkoen absolutu mailan, Mikel Aurrekoetxea bizkaitarrak ligaxkako azken partida irabazi zion Erresuma Batuko Dan Granti, 10-1 eta 10-3. Final-laurdena Julen Alberdi zizurkildarrak jokatu zuen Kubako Daniel Leivaren aurka, eta partida galdu eta gero, euskal selekzioa kanporatua izan zen. 10-7 eta 10-7 izan zen azken emaitza. Alberdik gerra eman zion kubatarrari, baina ez zuen bere joko onena eman, eta normalean baino huts gehiago egin zituen. Ez zen gustura geratu zizurkildarra bere partidarekin.

Gaur jokatuko dira finalaurrekoak, eta emakumezkoen absolutu mailan euskal selekzioa Mexikoren aurka ariko da. Miren Larrartek jokatuko du partida. 23 urtez azpikoetan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan sailkatu da euskal selekzioa. Bietan Frantziako selekzioa izango du aurkari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!