'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ dokumentala eskualdean

Ataria 2025eko azaroaren 14a

Azaroan Altzon eta Tolosan emango dute, eta urtarrilean Villabonan.

Donostiako 73. Zinemaldian estreinatu ostean, gaur ostirala, iritsiko da zinema areto komertzialetara Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala (Inge Mendioroz, 2025). Tolosaldeari dagokionez, azaroaren 19an Tolosan izango da ikusgai, azaroaren 28an Altzon eta urtarrilaren 27an Villabonan.

Zinemaldiko Zinemira saila ireki zuen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak. Maluta* Films ekoiztetxeak ekoitzi du lana, EITBren parte hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedraren (EHU) babesarekin.

Inge Mendiorozen (Andoain, 1973) bigarren ez fikzioa da lana. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak baliatuz, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako ondu du zuzendari eta muntatzaile gipuzkoarrak, Euskal Herriko kantagintzaren ikur honen bizitza beste ikuspegi batetik kontatzen duen biografia.

«Euskal Herriaren nobia, Joan Baez euskalduna eta Ez Dok Amairuren musa deitu izan zaio Lurdes Iriondori. Berari buruz hitz egiten ala idazten denean, oraindik ere aipatzen dira termino hauek. Garai baten oihartzun direnak, kalterik egiten ez duten klixe vintage batzuk balira bezala. Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gain, ez dute gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbiltzeko, aurreko lana eta gerora egindakoa desagertuz», gaineratu dute egileek.

Nabarmentzekoa da filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!