Munduko Frontball Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen asteartean, Iztapalapan (Mexiko), eta Euskal Pilota Selekzioak erabateko protagonismoa izan zuen, bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategoria absolutuan.
Jokoan sartzen lehena Miren Larrarte bidaniarra izan zen, Estatu Batuetako Danielle Daskalakisen aurka. Jokalari estatubatuarrak kinka larrian jarri zuen pilotari bidaniarra. Hala ere, Larrartek kalitate teknikoa, jokoa bi eskuekin menderatzeko duen gaitasuna eta partidaren irakurketa ona baliatu zituen. Ez zen lehia erraza izan Larrarteren ustetan, baina partida kontrolpean izan zuen une oro, gaipena lortu zuen arte; 10-05 lehen setean eta 10-05 bigarrenean.
Horren ostean, Julen Alberdi zizurkildarraren txanda izan zen. Igandean, David Stich Alvarez munduko txapeldunaren aurka galdu zuen, baina atzo markagailuari buelta ematea lortu zuen, Venezuelako Victor Rosque pilotariaren aurkako partidan. Hasiera zaila izan zela adierazi du Alberdik, «hainbat akats egin nituen eta markagailua 1-5 kontran nuela hasi nuen partida». Hutsarte garrantzitsu baten ondoren, egoera bideratzen jakin zuen. Piloteoan nagusi izan zen, erritmoa ezarriz, aurkaria ondo mugituaraziz eta tantoak egoki bukatuz. Garaipena ez zen erraza izan zizurkildarrarentzat, baina sendotasuna eta joko indarra uztartuta, emaitza bikaina lortu zuen: 10-06 lehen setean eta 10-00 bigarrenean.
