Igandean jarri zen abian Munduko Frontball Txapelketa, eta eskualdeko hiru pilotari ari dira parte hartzen Euskal selekzioa ordezkatuz: Julen Alberdi gizonezkoen absolutu mailan eta Itxaso Erasun eta Miren Larrarte emakumezkoen absolutu mailan.
Alberdik inaugurazioko partida jokatu zuen igandean David Stich Alvarez mexikarraren aurka. Munduko txapelduna da Alvarez, eta zizurkildarrari 10-4 eta 10-4 irabazi zion. Lehia oso gogorra izan zen, baina emaitzak mexikarraren nagusitasuna erakutsi zuen. Lehen jokoan Alberdik zailtasunak izan zituen fisikoki egokitzeko, Alvarezen joko biziari eta Mexikoko altuerari aurre egiteko. Bigarren jokoan, hasierako parekotasunaren ondoren mexikar pilotariak markagailuan ihes egin zuen. «Hasieratik oso beteta sentitu naiz», esan zuen Alberdik, «bere erritmora ezin egokituta. Bigarren jokoan gorputzari buelta eman eta gusturago nengoen, baina pare bat huts tonto egin eta horrek eragin handia izan du...». Txapelketa ez dela hasierako partidarekin bukatzen gaineratu du Alberdik: «Egokituko gara altueraren erronkara. Hortzak estutu eta datozen aurkariei irabazita, fase finalean berriz jokatu nahiko nuke Stich-en aurka».
Atzo, bigarren jardunaldian, euskal selekzioak maila guztietan irabazi zuen. Emakumezkoen absolutu mailan Itxaso Erasunek jokatu zuen eta Argentina izan zen aurkaria. Hasiera estua izan arren, bere joko erritmoa ezarri eta neurketa kontrolpean izan zuen, eta 10-06 eta 10-02 irabazi zuen neurketa. Gizonezkoen absolutu mailan Costa Rica izan ez zuten aurkari. Alberdik ez zuen jokatu, baizik taldeko beste pilotariak, Mikel Aurrekoetxeak. Aurkariari aukerarik eman gabe, partida azkar eta sendoa egin zuen Aurrekoetxeak, eta 10-02 eta 10-01 irabazi zuen.
Gaur partida bana jokatuko dute absolutu mailakoek. Gizonezkoek Venezuela izango dute aurkari eta emakumezkoek AEB.
Julen Alberdi, igandean, inaugurazioko partidan.
