Nage No Katako Munduko Txapelketan laugarren eta bosgarren onenak

Ataria 2025eko azaroaren 11

Judo Klub Tolosako Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri izan dira laugarren eta Unai Saralegi eta Unai Regillaga bosgarren. Maria Ongayk, berriz, brontzea lortu du beteranoen Munduko Txapelketan.

Goi mailan aritu dira berriro Judo Klub Tolosako bi bikoteak Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketan. Aurten bi bikoteak senior mailan lehiatu dira eta dominarik lortu ez badute ere, oso gertu geratu dira: Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik laugarren postua lortu dute eta Unai Saralegik eta Unai Regillagak bosgarrena. Iaz Regillaga eta Etxarri munduko txapeldunak izan ziren junior mailan, eta Saralegi eta Regillaga txapeldunorde senior mailan.

Parisen jokatu zen txapelketa larunbatean, eta sailkapen fasean emaitza onak lortu zituzten, biek bigarren egin baitzuten bakoitzak bere multzoan. Finalean lan txukuna egin arren, ezin izan zuten dominarik ekarri etxera. Saralegik azaldu duenez, «nahiko ondo atera zen sailkapen faseko kata, baina finalekoan urduriago hasi ginen. Pixka bat kaskar hasi ginen, eta gero hobetu arren, puntu batzuk joan zitzaizkigun». 388,5 puntu lortu zituzten finaleko saioan.

Regillaga eta Etxarri sailkapenekoan baino lasaiago aritu ziren finalean, eta 389 puntu jaso zituzten. «Oso lan ona egin zuten, eta klubeko bi bikote munduko laugarren eta bosgarren izatea harro egoteko modukoa da. Pena da podiuma gutxigatik alde egin izana, baina kontentu gaude egindako lanarekin», esan du Saralegik. Orain lanean jarraituko dutela azaldu dute, eta hemendik hiru astetara Espainiako Txapelketa izango dute jokoan.

Ongayren itzulera

Azaroaren 3tik 7ra jokatu da Parisen Munduko Judo Txapelketa beteranoen kategorian. Bertan 30 urtez gorako judokek har dezakete parte eta adin eta pisu kategoria desberdinetan banatzen dira. Judo Klub Tolosako Maria Ongayk 57 kiloz azpiko F3 kategorian –40 eta 44 urte artekoak– hartu zuen parte ostiralean.

Lehen aldia izan da Ongayrentzat horrelako nazioarteko txapelketa batean. Ongayk emaitza oso onak lortu zituen gaztetan eta urte batzuk tatamitik kanpo pasa eta gero, gogotsu bueltatu da. Gogo horrek Parisera eraman zuen.

Txapelketan lehian zeuden emakumeen artean goi mailan emaitza onak lortutakoak zeuden, beraz lan gogorra egin behar zuen Paristik dominarekin bueltatzeko. Lehen bi fasetan irabazita iritsi zen finalerdietara, eta hor aurkari izan zuen kanadiarra, denen artean faboritoa. Lehia gogorra izan zen, Ongayk bere aukerak izan zituen, baina aurkariak lurrean lan oso ona egin zuen, eta nahiz eta Ongay immobilizazioetatik ateratzen joan zen, azkenean puntu pilaketa horrek finaleko bidea itxi zion. Judoka kanadiarrak eraman zuen urrea finalean.

Behin finalerdikoa galduta, Ongayk brontzearen borroka zuen: irabaziz gero dominarekin itzuliko zen etxera, galduz gero esku hutsik. Aurkari poloniarra izan zuen aurrean, eta Ongayk oso serio hasi zuen borroka. Uneoro ikusi zen bere aurkaria baino gehiago zela, eta 45 segundo pasatzerako Ippon markatu eta borroka irabazi zuen.

Bigarren urtez jarraian Munduko Txapelketako dominak lortu dituzte klubean, kasu honetan beteranoen kategorian. «Klubetik oso harro gaude urte askotan egindako lanak horren fruitu onak ekartzen ari delako», esan dute arduradunek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!