Salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatuko du Sarek

Jon Miranda Labaien 2025eko azaroaren 11

Bihar 'Ezin da gehiago luzatu' leloarekin solasaldia antolatu dute Tolosako kultur etxean. Onintza Ostolaza abokatuak eta Beñat Uribe Sare herritarreko kideak hitz egingo dute.

Urtarrilaren 10ean Bilbon Ezin da gehiago luzatu leloarekin egingo den manifestazio nazionalaren aurretik, herriz herri hitzaldi sortak antolatu ditu Sare herritarrak. Bihar, azaroak 12, solasaldian ariko dira Onintza Ostolaza Arruabarrena abokatua eta Beñat Uribe Etxeberria Sare plataformako kidea, Tolosako kultur etxean 19:00etan hasita.

Gaur egun, 124 euskal preso ari dira zigorra betetzen –107 EPPKn daude eta 17 kolektibotik kanpo– eta 14 erbesteratu eta hiru deportatu daude. Ostolazak hitzaldian haien egoera juridikoaren inguruko xehetasunak emango ditu. Saretik adierazi dutenez, 40 preso inguru dira zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak, eta beste hainbeste, Espainiaratzean Frantzian betetako zigorra zenbatu ez zaienak. 

Pauso gehiagoren beharra

Uribek Espainiako estatutan 50 euskal presori baino gehiagori aplikatzen zaien eta bere garaian Aznarrek onartu zuen 7/2003 legean egin du azpimarra: «Salbuespenezko lege horrek, soilik euskal presoei aplikatzen zaien horrek, gradu progresioa eta baimenak izateko eskubidea ukatzen die eta lehen 30 urtetan zegoen zigor muga beste hamar urtez luzatu die 14 presori, 40 urteko zigor osora kondenatuz». 

Sare plataformak euskal presoei legedia arrunta aplikatzeko eskatu du beste behin ere: «Espetxe politika arrunteko irizpideak nahi ditugu euskal presoentzat ere. Bete duten urte kopurua ikusita, graduz progresioa eginda egon behar lukete eta beraien zigorrak kalean betetzen». Tolosaldekoei begiratuta, hirugarren graduan daude Lizartzako Aitor Agirrebarrena, Elduaingo Ana Belen Egues eta Villabonako Iñigo Guridi –kontrol telematikoarekin zigorra etxean betetzen–; eta oraindik ez dute kalea zapaldu Villabonako Oskar Zelarainek, Karlos Besancek eta Manex Castrok, ezta Gazteluko Andoni Goikoetxeak ere.

Urtarrilean Bilbon egingo den manifestazioaren aurretik Durangoko Azokaren bueltan antolatuko den mobilizazioan eta Eguberrietan herriz herri antolatuko direnetan presioa egiteko deia luzatu die herritarrei Uribek. «Arduradun politikoek, alderdietako eta instituzioetakoek dauzkate tresnak legea aldatzeko eta espetxe politiketan eragiteko». 

Azken urteetan aurrerapausoak egon direla onartuta ere, emandako urratsetan sakondu behar dela uste du Gipuzkoako Sareko arduradunak: «Espetxe politikaren eskumena eskuratu zenetik ari dira pauso batzuk ematen baina borondate horietan sakondu behar da. Salbuespenezko neurriek sufrimendua eragiten dute eta ezin dugu zain egon denborak bere kabuz lan egin dezan. Pertsona batzuen eskubideez ari gara eta ezin da gaia gehiago luzatu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!