Raul Celada leondarra izan da Behobia-Donostia lasterketako irabazlea, helmugara 1.01.28ko denborarekin iritsita. Helmuga bakar-bakarrik zeharkatu du gainera. Haren antzera, emakumezkoetan ere bakarrik zeharkatu du helmuga Kathy Tisamale ekuadortarrak, 1.09.34ko denborarekin.
Gizonezkoetan, Celadaren atzetik iritsi da Diego Mentrida (1.01.43), eta hirugarren postua Iraitz Arrospide Belauntzan bizi den billabonatarrak lortu du. Arrospide beste behin saiatu da lasterketa irabazten, baina ez da posible izan. Hala ere, euskaldunik onena izan da eta hirugarren postua lortu du, 1.01.46ko denbora eginda. Iazko edizioan egin zuen denbora hobetzea lortu du billabonatarrak; 59. Behobia-Donostian 01.02.30eko denbora egin zuen, hirugarren geratuz.
Emakumezkoetan, berriz, Tisamaleren atzetik iritsi da helmugara, Noshim Mandoi Kimuge, 1.09.59 denborarekin, eta hirugarrengo postuan geratu da Maria Varo, 1.10.43 denborarekin.
Ion Galarraga, hirugarren
Handbike modalitatean, Ion Galarraga goiaztarra hirugarren izan zen, 43.47ko denbora eginez. Lehenengoa Ivan Manoel Montero izan zen (35.36) eta bigarrena Thibaut Benoit (39.30).
Irristakakoak, bikain
Patinatzaileen modalitatean, Irristaka taldeko hiru partaide lehen lau postuetan sartu ziren. Taldeko Aitor Vacas gasteiztarra izan zen irabazlea (38.24), eta hurrengo postuak esprintean erabaki ziren: Iñigo Ojuel gasteiztarra izan zen bigarrena (38.59) eta Irristaka taldeko Julen Urkizar tolosarra (38.39) eta Ximon Villalobos lasartearra (39.01) hirugarren eta laugarren.