Bihar izango da Gipuzkoako erretirodun eta pentsiodunen 33. martxa, Tolosa eta Ibarra artean

Ataria 2025eko azaroaren 6a

Gipuzkoako erretirodunek eta pentsiodunek 2012an egindako ekitaldiko argazkia.

Tolosako Plaza Zaharreko ekitaldi instituzionalaren ondoren Ibarrara joango dira, eta handik Tolosara itzuliko dira; Euskal Herria plazan dantzaldia egin eta Zerkausian bazkalduko dute.

Gipuzkoako erretirodun eta pentsiodunek 33. martxa egingo dute bihar Tolosa eta Ibarra artean. Agijupens Gipuzkoako erretirodun eta pentsiodunen elkarteak urtero antolatzen du ekintza, eta zenbait herriren arteko ibilaldia egin ohi dute. Aurten eskualdeko bi herrietan egingo dute –datorren urtean Hernani eta Astigarraga artean izango da 34. martxa–, eta ibilaldia ez da egitarauko ekintza bakarra izango. Izan ere, bi herrietako udalek lagunduta, ekitaldia, dantzaldia eta bazkaria ere egingo dituzte. 

10:30ean hasiko da ekitaldi instituzionala Tolosako Plaza Zaharrean, eta han parte hartuko dute, besteak beste, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, Igor Zapirain Ibarrako alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek eta Agiupenseko lehendakari Kiko Martinezek. 11:00etan emango diote hasiera ibilaldiari. Tolosatik Ibarrarako bidea egin ondoren, Tolosara itzuliko dira. Aldapa handirik gabeko martxa izango da, eta guztira sei kilometro izango ditu. Eguerdiko 13:00ak inguruan Euskal Herria plazara iritsiko dira parte hartzaileak, eta bertan, dantzaldia egingo dute. Ordubete beranduago bazkaria egingo dute Zerkausian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!