Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aztergai

Ataria 2025eko azaroaren 7a

Datuak aztertzeko egindako bilera, Bidania-Goiazko liburutegian. SAIAZ MANKOMUNITATEA

Urteroko hitzorduan bildu dira emakume taldeak, ordezkari politikoak eta talde eragileak, eta jasotako datuak aztertu dituzte.

Azaroaren 25eko programaren barruan, urteroko hitzordua izan dute Saiaz Mankomunitateko indarkeria matxistaren aurkako protokoloari jarraipena egiteko. Bertan izan dira talde eragileko kideak, herrietako emakume taldeetako partaideak eta ordezkari politikoak.

Bilkuran jasotako datuak landuta, herrietako egoera zein den aztertu dute, eta Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira, programa bateratua adostu dute guztien artean.

Artatutako kasuak
Aurten Bidania-Goiazko udal liburutegian elkartu dira, eta azaldu dute 35 urtetik beherako zenbait emakume artatu dituztela, zeinak indarkeria psikologikoa jasan izanaren zantzuak azaldu dituzten. Arduradunek zehaztu dute «kontrola edo jarraipena» antzeman dutela batik bat, eta askotan mugikorraren bitartez jasan dutela.

Aipatutako emakume horiek gizarte-zerbitzuetara edo medikura jo dute egoeraren berri emateko; Ertzaintzak, ordea, ez du erregistratu indarkeria matxisten inguruko salaketarik mankomunitateko lau herrietan (Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!