Aldiriko trenek maiztasun handiagoa izango dute bihartik aurrera

Ataria 2025eko azaroaren 6a

Trena geldirik Villabonako geltokian. L. CARRASCO

Bihartik aurrera handitu egingo da trenen maiztasuna, eta ibilbide osoa ibilgailurik aldatu gabe egin ahal izango dute erabiltzaileek.

Renferen aldiriko tren zerbitzuak maiztasuna areagotuko du bihartik aurrera. Hortik aurrera, ibilbide osoa trenez egin ahal izango dute erabiltzaileek; hots,  amaitu dira autobusez egin beharreko tarteak —salbuespenen batekin—.

Azken hilabeteetan tren zerbitzuaren etenak eta murrizketak jasan behar izan dituzte erabiltzaileek; Lezo-Errenteria eta Irun artean bide bakarra erabili dutelako Gaintxurizketako tuneleko obrek iraun duten bitartean. Bihartik aurrera, ordea, bi trenbideak erabilgarri egongo dira Lezo-Errenteria eta Irun artean, eta, ondorioz, aldirietako tren zerbitzu gehiago eskainiko dituzte.

Hori horrela, aldirietako zerbitzu guztiek trenez egingo dute ibilbidea, Irundik abiatzen den lehen trenak izan ezik. Lehen trenaren erabiltzaileek autobusez egingo dute Irun eta Lezo-Errenteria arteko bidea. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!