Eskualdeko hiru pilotari, Munduko Frontball Txapelketara

Imanol Garcia Landa 2025eko azaroaren 6a

Julen Alberdi eta Miren Larrarte, Amasako frontoian.

Euskal selekzioarekin parte hartuko dute Miren Larrartek, Itxaso Erasunek eta Julen Alberdik. Azaroaren 9tik 15era jokatuko da txapelketa Mexiko Hirian.

Mexiko Hirian jokatuko da Munduko Frontball Txapelketa azaroaren 9tik 15era, eta eskualdetik hiru pilotari joango dira euskal selekzioarekin: Miren Larrarte bidaniarra eta Itxaso Erasun zizurkildarra, biak Behar Zana pilota elkartekoak, eta Julen Alberdi zizurkildarra, Tolosa pilota elkartekoa. Bihar abiatuko dira Bilbotik Madrilera, eta gero zuzenean Mexiko Hirira joango dira.

Frontballean pareta bakarrean jokatzen da, ezker eta eskuin hormarik gabe. Pilota eskuz jotzen da, eta goxoa eta arina da. Banakako modalitatean bakarrik jokatzen da. Larrarte orain gutxi izan zen Munduko Wallball Txapelketan euskal selekzioarekin, eta bi jokamoldeek ezberdintasunak dituztela dio: «Kanpotik ikusita nahiko antzekoak ematen dute, baina gero barrutik nahiko aldatzen da. Wallballeko pilota guk hemen frontenisean erabiltzen dugunaren oso antzekoa da, txaparik ez dago eta frontballean bai, eta banaka edo binaka jokatu daiteke». Jokatzeko moduan ere aldea badago: «Wallballean helburua da pilota zurengandik ahal den gertuena pasatzea, horrela aurkariari molestatuz, eta frontballean ezker hormako jokamoldeetan bezala izaten da, hau da, pilota jo eta paretik kentzea». Partidak bi jokotara jokatzen dira, bakoitza hamar tantotara. Bakoitzak bana irabazten badu, hirugarrena bost tantotara jokatzen da.

Munduko Txapelketa bi mailatan jokatuko da, nagusietan eta gazteetan. Nagusietan parte hartuko dute eskualdeko hiru pilotariek. Aukeraketa ekainean egiten hasi zen Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, frontball txapelketa antolatu baitzuen. «Pilota eskola guztietara bidali zuten parte hartzeko deia, eta batzuek izena eman genuen. Txapelketa horretatik aurrera hautaketa bat hasi zuen, eta gero udan zehar entrenamenduak egin ditugu gure artean, tartean Amasan», esan du Alberdik. «Hautatzaile bat dago emakumezkoentzat eta beste bat gizonezkoentzat, eta beraiek aukeratu dituzte pilotariak».

Maila bakoitzean bina pilotari hautatu dituzte. Emakumezkoen nagusi mailan Larrarte eta Erasun izan dira hautatuak, eta gizonezkoetan Alberdiz gain bizkaitar bat. «Niretzat lehenengo aldia izango da Munduko Txapelketa batean, eta ohorea da euskal selekzioarekin parte hartzea. Ea zerbait polita egiteko aukera dugun», esan du Alberdik. Larrarterentzat bigarren Munduko Txapelketa izango da euskal selekzioarekin: «Bigarrengoa izan arren, lehenengoa izango balitz bezala da ilusioa. Euskadiko Federazioa aurten sartu da Nazioarteko Federazioan, beraz lehenengo aldiz jokatuko du Euskadik frontballean Munduko Txapelketa. Izugarrizko ilusioarekin, gogoz eta dena emateko asmoz goaz». Hori horrela, pilotarien izenak historiara pasako dira. «Banan-banan, modalitatez modalitate goaz, eta oso gustura eta harro alde horretatik».

30 selekzio inguru izango dira txapelketan, eta ligaxka formatuan parte hartuko dute. «Hemen frontballa ez da hain ezaguna, baina dirudienez oso ezaguna bihurtu daitekeen modalitatea da esku pilotaren barruan», esan du Alberdik. «Esan digutenez 2032ko Olinpiar Jokoetan egongo da, eta indar dezenterekin datorren modalitatea da». Banaka jokatzen denez, partida bakoitzean pilotari bakarrak jokatuko du. «Estrategia erabili beharko dugu bakoitzak zer partida jokatu erabakitzeko», esan du Larrartek.

Helburua finalera iristea ote den galdetuta, finala «hitz handia» dela esan du Alberdik: «Mirenek-eta wallballean urrezko eta zilarrezko dominak ekarri zituzten, baina frontballean zailagoa izango dugu horrelako emaitzak lortzea. Horretara gu baino gehiago dedikatzen den jendea dago, horretara bakarrik dedikatzen dena, eta gu hasiberriak garela esango genuke». Bat egin du Larrartek: «Modalitate honetan askoz parte hartzaile gehiago daude, oso fisikoa da eta herrialde batzuetan urteak daramatzate jokatzen. Finalera iristeko aukera badugu ikaragarri pozik egongo ginateke, baina lan handia egin beharko genuke horraino iristeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!