Loatzo eta Vilafranca del Penedes musika eskolen arteko elkartrukea asteburuan

Ataria 2025eko azaroaren 5a

2019an Ibarran egindako kalejira.

Larunbat eguerdian kalejira egingo dute Villabona eta Zizurkil artean, eta 18:00etan emanaldia eskainiko dute Villabonako Gurea zineman. 

Aspalditik dator Loatzo musika eskolaren eta Vilafrankakoaren arteko harremana; hain justu, 2015etik urtero egiten dute elkartrukea. Aurtengoari dagokionez, pasa den martxoan joan ziren Loatzoko musikariak Vilafranca del Penedesera, eta orain haien txanda da; asteburuan egongo dira eskualdean. 

Musikariak Loatzo musika eskolako ikasleen etxeetan egongo dira azaroaren 6tik 9ra arte; «aukera paregabea izango dugu beraien kultura musikaren bidez ezagutzeko, eta nola ez, gozatzeko; musika hori baita, gozamena, eta kultura ezberdinen arteko komunikabide kanal paregabea». 

Hau guztia Loatzo musika eskola osatzen duten herriekin elkarbanatu nahi dute, eta egitarau oparoa prestatu dute. Ostegun iluntzean iritsiko dira eskualdera, eta ostiral goizean harrera egingo diete Villabonako udaletxean. Ondoren Villabona, Alegia eta Anoetako ikastola eta eskoletara joango dira DBHko ikasleei emanaldi txiki bat eskaintzera.

Egun nagusia larunbatean izango da. Villabona eta Zizurkil artean kalejira egingo dute lehenik, eta Vilafranca eta Loatzo musika eskolako ikasleez gain, Villabona eta Zizurkilgo erraldoiek ere parte hartuko dute. Arratsaldean kontzertua eskainiko dute Villabonako Gurea zineman eta eguna borobiltzeko bi musika eskolako ikasleek nahiz irakasleek, afari musikatu bat egingo dute Alegiako kultur etxean. «Asteburu paregabea izango da musikaz gozatu eta bi herrien arteko lotura sendotzeko, musikak kultura ezberdinak lotzen baititu», azaldu dute Loatzoko kideek, herritar oro ekitaldietara gonbidatuz. 

Egitaraua

Azaroak 7, ostirala

  • Goizean harrera egingo diete Villabonako udaletxean, eta ondoren Villabona, Alegia eta Anoetako ikastola eta eskoletara joango dira DBHko ikasleei emanaldi txiki bat eskaintzera.

Azaroak 8, larunbata

  • 12:00. Kalejira: Villabona-Zizurkil-Villabona.
  • 18:00. Emanaldia Villabonako Gurea zineman.
  • Iluntzean afari musikatua Alegiako kultur etxean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!