«Oraindik garbitzeko asko dago, okerren dauden guneak dira gainera»

Ataria 2025eko azaroaren 4a

Larraulgo leize zulo batetik 8 tona zabor atera dituzte Lurpea Garbi elkartearen bitartekaritzarekin. Bertikalan enpresako langileak aritu dira bertan lanean, udalaren eta foru aldundiaren laguntzarekin. 

Uxue Lasa Lurpea Garbiko kidea da. Azken asteetan Larraulen egin duten lanaz nahiz aurrera begira geratzen denaz hitz egin du. «Tolosaldean puntu beltz asko daude. Batzuk garbitzen aritu gara, baina oraindik asko geratzen dira, okerrenak gainera». Horietako bat da Araxes errekaren inguruan dagoena, Tolosan. Lekuan bertan azaldu du egoeraren larritasuna. 

Larraul, 8 tona eta lehergailu bat

Lurpea Garbi Ingurumena Babesteko Elkartea 2023an sortu zuten, kobazulo, leize zulo eta erreka izkinetan zaborra eragiten ari zen kalteari aurre egiteko. Hasiera batean, euren ekintza eremua Tolosaldea izango zela erabaki zuten, ondoren, beste euskal lurraldeetara zabaltzeko. Lehen lana eskualdearen egoera aztertzea izan zen, puntu beltzen dekalogo bat landuz. Puntu horietako bat Larraulen zegoen. Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ondoren, diru laguntza bat lortu zuten, Bertikalan enpresa kontratatzeko eta zuloa garbitzeko.

Uxue Lasak azaldu duenez, Larraulgo leize zuloa berezia zen, erabat bertikala zelako: «Gu ere bertan aritu gara lanean, baina Bertikalan enpresako kideei laguntzen, euren parte hartzea ezinbestekoa zelako. Egitura oso bertikala du leizeak, eta zaborrak menditxo bat osatuta zeukan barruan. Larraulgo esperientziak, aurrera begira, protokolo bat finkatzeko balioko du». 

Ia hilabete lanean aritu ondoren, Lasak jakinarazi duenez, 8.000 kilo zabor atera dituzte bertatik. «Gizartearen eboluzioa ikusten duzu bertako zaborra aztertzen duzunean. Garai bateko materialetatik abiatu eta gaur egungora artekoa zegoen bertan. Zalantzarik gabe, gaur egungoek antzinakoek baina askoz gehiago kutsatzen dute. Pila bakar batek, adibidez, 9.000 litro ur kutsa ditzake». Ingurune karstikoa izanik, euria egiten duenean ur hori lur azpira joaten da, ondoren iturburuetatik ateratzeko. Hor dago zaborrak eragiten duen kaltea, ur edangarri hori kutsatzen baitu. 

Ezusteko bat ere izan zuten garbiketa lanetan: gerra garaiko lehergailu bat aurkitu zuten. Artezilariei deitu eta lekuan bertan lehertu zuten. Uxue Lasak azaldu duenez, herritarren artean zabaldua zegoen lehergailuaren kontua, baina saiakerak egin arren, orain arte ez zuten aurkitu. Tartean, Aranzadiko kideak aritu ziren bilaketa lanetan, duela hamarkada batzuk.

Puntu beltzenak

Ibilbide laburra du oraindik Lurpea Garbi elkarteak. Hasi besterik ez dira egin, baina aurrera egiteko, denen beharra izango dutela dio Uxue Lasak, eta ez hitzez bakarrik, ekintzez baizik: «Egoeraren larritasuna denek ikusten dute, baina aitortza horretatik zerbait egiten hastera tarte handia dago. Eta egiten ez baldin bada, dekalogoak eta puntu beltzen inguruan hitz egiteak ez du ezertarako balio». 

Puntu horietako bat Araxes errekaren inguruan dago, Tolosan. Araxes erreka Nafarroan sortzen da, Azpirotzen. Ondoren, Oria ibaian isurtzen ditu bere urak, Tolosan. Amiantoa, ordenagailu zaharrak, olio zikina eta abar luzea begi bistan daude Txarama eta Tolosako mugan. Hortxe, erreka noiz haziko zain. «Duela hilabete batzuk izan ginen hemen, eta orduan zeuden uralita batzuk jada ez daude, errekak eramango zituen», dio Lasak lekuan bertan; «begira nola dagoen zorua, agerikoa da honaino ura iristen dela euriteak egiten dituenean. Eta hori gertatzen denean begira hemen zer dagoen eta ondorioz zer eramaten duen. Hau onartezina da». 

Puntuaren berri arrantzale batek eman zien Lurpea Garbiko kideei. Bertaratu eta enpresa zahar eta huts baten azpian zabor mendiak aurkitu zituzten. Material oso kutsakorrarekin, gainera. Oraindik ere bertan daude, Amarotz auzotik hurbil. Zoruaren azpitik, gainera, errekatxo bat pasatzen da, Araxesekin lotura zuzena duena. Errekatxo honek gainean duen guztia xurgatzen du, euriteen zain egon gabe. 

Beste puntu beltz bat Alkiza eta Asteasu arteko errekan dagoela dio Lasak: «Ehunka gurpil-azal daude bertan». Hain justu, hori da epe motzera esku artean duten proiektua.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!