Israelek egindako bonbardaketa olde berri batek gutxienez 100 hildako utzi ditu Gazan, tartean, 35 adingabe. Erasoak astearte gauean gertatu ziren. Bada, eraso horiek salatzeko, Gazte Koordinadora Sozialistak elkarretaratzeak deitu ditu, hainbat herritan. Palestina askatzeko Israel desegin! lelopean izan dira elkarretaratzeak, eta eskualdean Ibarran (irudian) eta Tolosan egin dituzte.
GKSk esan duenez, gertakari hauek hamarkada luzeetako kolonizazioari, apartheidari, genozidioari nahiz azken bi urteotako ofentsibari gehitu behar zaizkie. «Bi urte hauetan milaka eraikin suntsitu eta 70.000 palestinar hil dituzte, hondakin artean geratutakoen bizitzak kontatu ezinda. Israel izatez da estatu espantsionista, kolonialista eta genozida, sortzetik bertatik proiektu estrategikotzat Palestinaren okupazioa duena. Horregatik, palestinar herri langileari nahiz erresistentziari gure babesa adierazi nahi diogu, gaur gaurkoz palestinar herria desagertu ez bada palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan baita»
Azken orduetako bonbardaketak balizko su-etena indarrean dagoen momentuan gauzatu dituztela gogoratu dute: «palestinar erresistentziari akordioa bete dezan exijitzen dioten bitartean Israelek berean jarraitzen du; Netanyahuren eta Trumpen eskutik ez da bakerik etorriko. Mendebaldeko gobernuek Egiptoko goi bileran emandako onarpen nahiz azken gertakarien aurrean erakutsitako isiltasun konplizeaz Gaza azken hondarretaraino suntsitzen ari dira, egunero palestinarrak hiltzen jarraitzen dute, laguntza humanitarioa oztopatzen, Zisjordania anexionatzeko planak esku artean dituzte, Libano erasotzen ari dira eta Palestinaren okupazioa azken muturreraino eramateko asmoa egunez egun berresten dute. Palestina aske baterako baldintza Israel desegitea da, eta, horregatik, Israelen aurkako mezuak kaleetan zabaltzen jarraitzea dagokigu».
Era berean, Israelek duen inpunitatea nabarmendu dute: «mendebaldeko estatuen, instituzio ezberdinen eta enpresen babes nahiz sostengua du. Euskal Herrian ere badaude estatu terroristarekin konplizitatez jarduten dutenak: genozidioa gauzatzeko armen ekoizpena ahalbidetzen dutenak, kolonoek okupatutako lurretan tranbiak eraikitzen dituztenak, harreman ekonomiko nahiz diplomatikoak eteten ez dituztenak, blokeo
ekonomiko errealik aplikatzen ez dutenak. Genozidioaren konplize horiek guztiak seinalatzen jarraituko dugu harreman oro eten ditzaten presio eginez. Israeli boikot!».
GKSren ustetan, «palestinarrei arnas apur bat emango dien akordioa sinatzeak ezin du eragin kaleetan Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen kontrako presioa baretzea, ezta palestinar erresistentziari edo palestinarren aldarrikapen historikoei zilegitasuna kentzea ere. Kontrara, Israeli zilegitasuna kendu eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egiten jarraitzea dagokigu. Hori da egin dezakegun ekarpena: Israelen desegitearen aldeko mezua kaleetan zabaltzen jarraitzea, konplize guztiak seinalatzea eta palestinar erresistentziari gure babesa adieraztea».