Joan den astean, Alberto Martinez Osasun sailburua Tolosan izan zen, eta eskualdeko alkateekin, Asuncioneko LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariekin eta TOPA plataformako kideekin bildu zen, eta Tolosaldeko etorkizuneko ospitale publikoaren plan funtzionalaren lehen zirriborroa aurkeztu zien. Egun berean, jendaurrean ere aurkeztu zuen proiektua. Bada, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak ezezkoa eman dio aurkeztutako planari, eta «iruzurra» dela esan du.
Euren ustez, behin-betiko baztertzen da urte luzez eskatu izan den eskualdeko ospitale publikoa eraikitzea. «Itxura guztien arabera eraikin berria Donostiako ospitalearen apendize bat izango da, eta ez ditu eskualde-ospitale izateko beharrezko ezaugarri eta zerbitzuak izango. Ahoa betetzen zaie Tolosaldean ospitale publikoa egingo dutenarekin, baina eman dituzten zehaztapenen arabera Gipuzkoa osoko pazienteei kirurgia txikia, kolonoskopiak eta hainbat diagnostiko froga egitera bideratutako dute, tamainaz ere txikia izango den eraikin hori».
Kontseilu Sozialistak aipatu du Asuncion klinikaren izaera pribatuaren ondorioak urte luzetan «pairatu» dituela eskualde honetako «gehiengoak», «aseguru pribatuetara sarbiderik ez duen langilegoaren sektoreek bereziki». Plan horrekin egoerari konponbidea ematen diotenaren «plantak»
egiten dituztela salatu dute; «errealitatean eskualdeko osasun-baliabideak murrizteko norabidea
hartu dute». Izan ere, Kontseilu Sozialistak nabarmendu du, «Donostia ospitalea gainezka egon arren», bertara bideratuko direla geroz eta patologia gehiago. «Badirudi, beraz, Tolosaldeko OSIa minimoetan mantenduko dutela, soilik lehen arreta barnebilduz».
Bestalde, planak errekurtsoen zentralizazioa erakusten duela diote: «Osasun krisi testuinguruan bizi dugun baliabide eta profesional falta betikotuko duen politika kontziente bat da: gabeziak makillatzeko baliabide urriak hiriburuetan zentralizatzen ari dira, ikusi besterik ez dago Bidasoan eman den joera. Honek, osasun arretaren gainbehera betikotu eta eredu urri hau normalizatzea dakar».