Gau Beltza ospatzeko ekitaldiak, herriz herri

Ataria 2025eko urriaren 30a

Urteetan baztertutako ohitura berreskuratu, eta herri askotan ospatuko dute urriaren 31ko Arimen Gaua; zazpi herritan egingo dute beldurraren ibilbidea.

Euskal Herrian XX. menderaino, bazeuden urriaren 31ren bueltan izaten diren elementuak, hala nola kalabazak edo kuiak hustea, eta eskean eta kantuan ibiltzea. Ohitura hori galduz joan zen ordea, eta AEBetako ohiturak bete-betean iritsi ziren Euskal Herrira ere. Azken urteetan Gau Beltza edo Arimen Gaua indartzen ari den jarduera da. Eskualdean geroz eta herri gehiagotan antolatzen dituzte Arimen Gauari lotutako jarduerak, izan mozorro edo aurpegi margotzen tailerrak, kalabazak apaintzekoak edota beldurraren ibilbideak. Aurten, esaterako, Tolosan, Ibarran, Larraulen, Lizartzan, Alegian, Villabonan eta Adunan egingo dituzte beldurra hezurretaraino sartzeko moduko ibilbideak.

Ia desagertzear egon dira Arimen Gaueko ospakizunak. Halloween festak zabaldu izan dira azken urteetan eta badirudi Euskal Herrian ez dela gau hori ospatu. Baina, ez da horrela; aitona-amonak kalabazekin jolasten ziren haurrak zirenean, kandelak jarriz, nahiz eta gerora ohitura hori ahazten joan den. Jaime Altuna Villabonako antropologoak esan izan du adituen arabera, Europan daukala jatorria festa honek. Samhain festa delakoa ospatzen zen lehen, uda amaierako festa. Artzaintzarekin-eta, uda osoa mendian igarotzen zuten lanean, eta egun horietan itzultzen ziren etxera. Bi garai zeuzkaten, udakoa eta negukoa, eta hildakoekin egoteko eta euren oroimena goratzeko izaten zen Halloween gaua. VIII. mendean, kristautasunak Santu Guztien Eguna ezarri zuen egun horretan, eta zabalduz eta moldatuz joan zen pixkanaka. AEBetara lanera joandako irlandarrek ohitura hori eraman zuten, eta mundu osora hedatu da.

Kalabaza erdigunean

Euskal Herrian ere kalabazekin jolasten ziren duela hamarkada batzuk, landa eremuan, batik bat. Deigarria zitzaien kalabaza; aurpegi forma ematen zioten, barruan kandela bat jarri, eta bide izkinetan jartzen zituzten jendea izutzeko. Baina ez zen egiten ospakizun berezi baten harira. Gaztetxoen jolas edo bihurrikeria bat zen. Kontuan hartu behar da, baita ere, testuinguru katoliko batean kokatu behar dela gaia, non arimak bizirik zeuden ustea zegoen. Iluntasunean, nolabait, arima ordezkatzen zuten kalabazek.

Aipatzekoa ere bada, Arimen Gaua azaroaren 2an ospatzen zela antzina. Elizkizunak egiten zituzten arimen alde. Gaur egun, urriaren 31n ospatzen da leku askotan. Nahiz eta herri batetik bestera desberdintasunak egon, badituzte ezaugarri komunak, hala nola, aitona-amonen ohiturak berreskuratzea, euskaraz izatea eta arimek protagonismoa izatea.

EGITARAUAK

Lizartza

  • Goizean zehar. Itziar Saenz de Ojerren ipuin kontaketa eskolan.
  • 17:15. Eskulan tailerra udaletxeko aretoan. 
  • 18:30. Ibilbide laburra txikientzat, plazatik hasita eta 19:00etan plazatik abiatuta Arantzabenera Zer ote? ibilbidea LH 4tik gorako gazteentzat.
  • 20:30. Afaria eta gaztaina jatea, plazan.
  • 22:00. Pelikula beldurgarria udaletxeko aretoan.

Larraul

  • 16:15. Eskolatik aterako dira margotuta eta mozorrotuta.
  • 17:00. Haur eta nerabeentzat txokolate jatea, elkartean.
  • 18:00. Gau Beltzeko ibilbidea, herrian zehar plazatik abiatuta. 
  • 19:00. Beldurrak Sutara ekitaldia, plazan.

Berastegi

  • 16:30. Gau Beltzaren inguruan gehiago jakiteko tailerra guraso elkartearen eskutik, eskola atarian. 

Ibarra

  • 17:00. Tailerrak plazan: aurpegiak margotu, mozorro tailerrak, beldurrak idazteko txokoa, eta eskulanak.
  • 18:00. Ibilbidearen hasiera.
  • 19:30. DBH 4ko ikasleek eskainitako talo jatea. 

Elduain

  • 17:00. Aurpegiak margotu eta plaza apaindu. 
  • 18:00. Txokolate eta bizkotxo jatea.
  • 18:30. Beldurrak erre eta dantzatu.
  • 19:00. Gaztaina jatea.

Amezketa

  • 17:30. Herriko haurrek Gaztelekura joan eta bertan aurpegiak margotzeko aukera izango dute. Ondoren, etxez etxe ibiliko dira eskean.

Asteasu

  • 17:30. Aurpegi margotzea eta beldurrak idaztea.
  • 18:30. Xanduli manduli goxoki bilketa.
  • 20:00. Kalejira ilunpetan eta sustoen bira.
  • Ondoren. Sorgin dantza.
  • 20:00. Pintxoak, gaztainak eta tarta beldurgarria.

Alegia

  • 18:00. Aurpegi margoketa LHkoentzat, Gaztelekuan. 
  • 19:30. Arimen ibilbidea herrian zehar. Ondoren, zahagiardoa plazan.

Irura

  • 18:00-19:00. Photocall-a portikoan, eta gaztaina jatea 18:30ean plazan. 
  • 19:00-20:00. Xanduli manduli, eman goxokiak guri goxoki bilketa, herrian zehar. 
  • 21:15. Barrikotea, plazan. Ondoren, Aidüru musika taldearen zuzenekoa, ostatuaren eskutik. 

Anoeta

  • 18:30. Gau Beltza ipuin kontaketa, estalpean. Ondoren, gaztaina jatea.

Berrobi

  • 18:30. Ipuin kontalaria eta eskulanak. Ondoren, talo jatea. 

Villabona

  • 19:00. Gau Beltza ibilbidea.

Zizurkil

  • 19:15. Ikastetxetik jaitsiko dira Joxe Arregi plazara gaztaina erreak jateko, musikarekin.

Aduna

  • 19:00. Txokolate jatea eta Beldurrak Erre ekitaldia plazan.
  • 19:30. Beldur ibilbidea hilerrira.
  • 20:15. Afari merienda plazan, eta ondoren, disko festa.

Tolosa

  • 19:45. Arimen ibilbidea Soldadu kaletik Pizkundea plazara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!