Agerreko uzta euskarari puzka Errigoraren aurtengo bigarren eta azken kanpaina abian da. Nafarroa erdialdean nahiz hegoaldean ekoitzitako produktuez osaturiko otarrak eskatu ahalko dira azaroaren 13ra arte. Ohi bezala, saski bakoitzetik jasotako irabaziaren laurdena zonaldeko euskalgintzara bideratuko dute.
Errigorarentzat hamabigarren Euskarari Puzka da aurtengoa. Kanpaina horietan guztietan egindako auzolanari esker ia 2 milioi eta erdi euro bideratu direla euskalgintzara nabarmendu dute. Era berean, Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileak (AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldia) ezinbestekoak direla euskararentzat adierazi dute. «Euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan. Zuhaitz bat balira bezala hizkuntza sustraitzeko lanetan ari dira, baina baita bertako euskaldunek arnasa har dezaten aire kutsatua garbi bilakatzen ere. Udaberriro-udaberriro loratzen dira, hizkuntza ez dadin zimeldu. Zuhaitzak lanean jarrai dezan, ezinbestekoak garenak gainontzeko lurraldetako euskaltzaleok gara. Haize eta euriaren kontra jarduten duten horiei goxotasuna eta maitasuna bidaltzeko aukera bat dugu Euskarari Puzka kanpaina», azaldu dute.
Kanpainaren bidez, eskualdeko produktuez osatutako hiru saski erosi daitezke (beltza, berdea eta gorria). Eskualdean, saskiak online eskatu beharko dira, Errigora.eus-en. Nahi adina saski aukeratu ostean, norbere datuak sartu eta saskia jasotzeko gunea aukeratu beharko da (gune bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere data eta ordutegia izango du). 18 herritan egongo da saskiak jasotzeko aukera: Abaltzisketan, Adunan, Alkizan, Altzon, Amasa-Villabonan, Amezketan, Anoetan, Asteasun, Berastegin, Berrobin, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Larraulen, Lizartzan, Orendainen, Tolosan eta Zizurkilen. Produktuak azaro amaieran edo abendu hasieran banatuko dira herriz herri.