Saneamendu sare berria egingo dute

Ataria 2025eko urriaren 27a

Urtebeteko iraupena izango dute lanek eta trafikoan eta oinezkoen ibilbideetan aldaketa puntuak gerta daitezke.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan hasiko ditu saneamendu lanak, Zizurkilen, Oria Erdiko saneamendu-sistema orokorraren barruan. Obra hauek Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean egingo dira, eta Zizurkilgo Herrigunea eta Elbarrena auzoa saneamendu-sistemara konektatzea dute helburu.

Gaur egun bi gune horietako hondakin-urak zuzenean ingurune naturalera isurtzen dira, aurrez behar bezala tratatu gabe. Proiektu berri honen bidez, ur horiek biltzeko eta Uraldeko Hondakin Uren Araztegira (Aduna) eramateko sare berria eraikiko da. Bertan, behar bezala tratatu, eta ondoren, Oria ibaira isuriko dira.

Lanek guztira 1.900 metro inguruko kolektore-sarea eraikitzea aurreikusten dute, hondakin-urak eta euri-urak bideratzeko. Obrak urtebete inguruko iraupena izango du.

Bi fase: Herrigunean eta Elbarrenan

Lehen fasean, lanak Herrigunean egingo dira eta lau hilabete inguruz luzatuko dira; ondoren, bigarren fasean, Elbarrena auzoan arituko dira, zazpi hilabetez. Lanen ondorioz, trafikoan eta oinezkoen ibilbideetan aldaketa puntualak egon daitezke, baina ahalik eta eragin txikiena izateko moduan antolatuko dira, eta unean uneko kaltetuei abisua emango zaie beharrezkoa denean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!