N-1 errepidea erabat itxiko dute berriro, Villabona eta Irura artean

Ataria 2025eko urriaren 24a

Pasa den astean jarri zuten pasabide berria N1 errepidean, Irura eta Villabona artean.

Gaur 22:00etatik biharko 06:00etara egongo da itxita, pasa den astean kokatu zuten bidegorriaren pasabidea hormigoitu behar dutelako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak jakinarazi du Villabona eta Irura artean N-I errepidea erabat moztuko dutela gaur 22:00etatik biharko 06:00ak arte, bi noranzkoetan, bi herriak lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide berria hormigoitu behar dutelako. 440,5 kilometro-puntuaren parean itxiko dute errepidea (34 poligonoa).

Gainera, Donostiarako noranzkoan segurtasun-hesiak ainguratuko dituzte. Beraz, lan horiek amaitu arte erreia itxita egongo da. Gasteizko noranzkoa, berriz, hormigoiztatze-lanak amaitu ondoren irekiko dute. Lanek irauten duten bitartean, zirkulazioa industrialde paraleloetako bideetatik bideratuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!