Kantu berrienak entzuteko jaioak

Ataria 2025eko urriaren 24a

Besteak beste, Monsieur LeCrêpen, Gailuren, Esanezinen, Uxue Kerejerataren, Naxkerren eta Gorka Urbizuren azken lanetan murgildu gara.

Euskal musikari askok kaleratu dituzte lan berriak. Gertuenetik hasita, Monsieur LeCrêpek Venta Aundi diskoa kaleratu du, zazpi piezaz osatutako LPa.

Andoaindik datozkigu Gailu taldekoak eta haiek Bizi eta ixo disko berria kaleratu zuten irailean. Goierrin, berriz, Altzagaraten du jatorria Ianire Aranzabek eta Esanezin taldearekin oraintxe kaleratu du Hormetan idazten diskoa. Zumarragatik dator Uxue Kerejeta eta bere bakarkako lehen lana atera du duela gutxi: Amaiera.

Nafarroatik, aldiz, Gorka Urbizuk Londresko Abbey Road estudio mitikoetan uztailean grabatutako bi kantu eman ditu Bakan II disko laburrean. Eta Iruñerritik Naxker taldekoak lan berria kaleratu dute uda ondoren, Nori jarriko dizkiozu gure abestiak? izenekoa. Chill Mafian ezagututako Kiliki Frexkok ere, bakarkako ibilbidea hasteko Iltze 1 zazpi pistaz osatutako albuma atera du.

Horiek eta aleka-aleka kaleratu diren beste hainbat kanturekin osatu dugu ordubeteko jarduna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!