Altuna III.ak ez du jokatuko larunbatean Beotibarren

Ataria 2025eko urriaren 22a

Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkaren hirugarren jardunaldiko partida hori Zabalaren aurka jokatu behar zuen amezketarrak. Zabalak 22-0 irabazitzat izango du neurketa, eta biak pasako dira finalerdietara. Peña II.ak, beraz, ez du aukerarik finalerdietara sailkatzeko.

Jokin Altunak ez du jokatuko Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkaren hirugarren jardunaldiko partida. Aspe Pelota enpresak EPELi jakinarazi dio pilotari amezketarrak tendinopatia muskularra duela, eta, beraz, enpresa horretako zerbitzu medikoen iritziz, «ez dago asteburu honetan jokatzeko moduan». Altunak Zabalaren aurka jokatu behar zuen, larunbatean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Txapelketaren arauen arabera, Zabalak 22-0 irabazitzat izango du partida hori, eta, beraz, finalerdietara sailkatuko da A multzoko lehenengo postuan. Altuna III.a ere finalerdietara pasako da, taldeko bigarren postuan.

A multzoan dauden beste bi pilotariak, Jon Ander Peña tolosarra eta Bakaikoa, aukerarik gabe geratu dira finalerdietara igarotzeko. Beraien arteko partida igandean izango da, Bizkaia frontoian, baina ez du garrantzirik izango bertako emaitzak txapelketarako.

Tolosako jaialdia

Larunbateko Altuna III.aren eta Zabalaren arteko partida bertan behera utzi ondoren, Tolosako Beotibar pilotalekuko jaialdiari hasiera Artola-Iztueta eta Elordi-Martijaren arteko partidak emango dio. Ondoren Lau eta Erdiko Txapelketako Serie Bko norgehiagoka jokatuko dute Egiguren V.ak  eta Amianok. Jaialdia 17:30ean hasiko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!