Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta bere taldea Tolosaldeko hautetsi eta udal ordezkariekin bildu da goizean, Tolosaldeko etorkizuneko ospitale publikoaren plan funtzionalaren lehen zirriborroa aurkezteko. Bada, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak positiboki baloratu du sailburuak azaldu duen «konpromiso irmoa», bost urteko epean Tolosaldean ospitale publikoa eraikitzeko, eta eskertu egin du gaia lehen eskutik azaldu izana.
Gogoratu dute, mugimendua lau erronka nagusiren inguruan eratu zela, eta helburu horiek indarrean direla gaur egun ere: Tolosaldean osasun arreta publiko, integrala eta kalitatezkoa bermatzea; Tolosaldean izaera publikoko ospitalea izatea; Tolosaldeko herritarrek osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea izatea; eta Asuncion Klinikako langileen etorkizuna modu egokian bideratzea.
Hala, Donostia Ospitalearen baitan integratutako eredu baten aldeko apustua jarri dutela mahai gainean aipatu dute mugimenduko ordezkariek. «Norabidea egokitzat jotzen dugun arren, argi dago informazio asko falta dela oraindik, eta galdera ugari daudela erantzun gabe. Proiektuaren xehetasun teknikoak, zerbitzuen antolaketa, baliabide eta langileen integrazioaren baldintzak zehaztu gabe daude, eta horiek funtsezkoak dira eskualdeko osasun sistemaren etorkizuna ulertzeko».
Asuncion Klinikako langileen egoerari dagokionez, Osasun Sailburuak ondorengoa adierazi diela esan dute: «Ospitale berrian sartuko diren lehen profesionalak Asuncioneko profesionalak izango dira, antzinatasuna aitortuta eta, betiere, dagokien titulazioa badute».
Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak adierazi nahi du lanean jarraituko duela, eskualdeak benetan ospitale publikoa izan arte. «Etorkizuneko azpiegitura honek Tolosaldeko herritarren beharrei erantzungo dien osasun arreta publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna bermatu behar duela uste dugu, eta norabide horretan jarraipen arduratsua eta zorrotza egingo dugu».