Arrakasta handiz egin dute, goizean, Bedaioko Azoka Berezia auzoko pilotalekuan. Aurtengo gaia txerri hiltzea izan da, eta azoka osatu duten postuetan ez dute hutsik egin horren bueltako produktuek; mondeju pintxoak eta odolkiak edo txorizoak izan dira salgai. Hala ere, bertako eta garaiko beste hainbat produktu nahiz artisauen lanak ere izan dira salgai.
Horrez gainera, txerri-hiltzeen ohiturak ezagutzeko aukera izan dute azokara bertaratu direnek. Horretarako garai bateko tresnak ikusi eta odolkiak eta txorizoak egiten ikasteko aukera izan da. Eta, ohi moduan, animalien erakusketa ere egin dute baserritarrek. Goiza borobiltzeko, eguerdian, babarrun jatea egin dute Artubi elkartean.