Ondarea ezagutzeko ekimenak egin dituzte eskualdean

Ataria 2025eko urriaren 18a

Gaur Alkizan eta Villabonan egin dituzte ekitaldiak. Eliza eta Lete baserria ezagutu dituzte Alkizan eta, Villabonan, berriz, papera egiten ikasteko tailerra egin dute Kimuri espazioan.

Ondarearen Europako Jardunaldiak egiten ari dira azkeneko asteotan Gipuzkoan. 80 jarduera baino gehiago antolatu dira, aurten, ondare arkitektonikoa ardatz hartuta. Egunotan, hirietako monumentu handietatik landa eremuko herri eraikinetaraino, arkitekturaren lorpen artistiko eta teknikoak erakutsiko dituzte.

Gaur goizean, adibidez, Alkizan bi bisita komentatu egin dituzte. 10:00etan Alkizako eliza: memoria kolektiboa eta historia eraikin batean izenekoa egin dute, eta Pepe Aranzabe herritarra aritu da bertan azalpenak ematen. 11:00etan, berriz, Lete baserria ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek. 

Gaur, bestalde, Villabonan, Hormaren aurretik trazua tailerra egin dute Mirari Errondosororen eskutik, Kimuri espazioan. 

Bihar, berriz, Topic, txotxongiloak eta arkitektura tailerra egingo dute Tolosan eta urrian eta azaroan zehar ondare industrialaren eraikuntza mapak eta planoak izango dira ikusgai Gipuzkoako Artxibo Orokorreko webgunean.

Urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien edizio hau antolatu du, Europako Kontseiluak sustatuta eta Europar Batasunarekin lankidetzan. Ondare kulturari buruzko sentsibilizazioan sakontzeko antolatu dituzte ekitaldiak, erakunde ugariren parte hartzearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!