Zarauzko hilketa matxista salatu dute kalean

Ataria 2025eko urriaren 17a

Besteak beste, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian egin dute elkarretaratzea gaur arratsaldean.

53 urteko emakume bat hil zuten atzo, Zarautzen. Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu du, eta giza hilketa egotzi dio. Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur, asanblada feministek deituta. Aiztondon, Villabona eta Zizurkil arteko oinezko zubian bildu dira protesta egiteko. 

“Tristura, nazka eta amorrua. Guztiak sentitzen ditugu, baina indarra ere bai. Gu ez gara isilduko. Lotsa hiltzaileek eta hauen babesleek sentitu behar dute. Guk ez. Guk jarraituko dugu gertakaria salatzen, eta, administrazio, erakunde eta botere publikoei beharrezko erantzukizunez jardun dezatela exijitzen”, esan dute Aiztondoko elkarretaratzean. Egiturazko matxismoa deusezteko neurri eraginkorrak eskatu dituzte. 

“Ikuspegi feminista duten politikak egin behar dira”, gaineratu dute. Saretzen jarraituko dutela esan dute elkarretaratzean bildu diren feministek eta azpimarratu dute emakume eta feminismoaz gain, garaia dela gizonezkoak eta, oro har, herritar guztiek nahikoa dela esateko: “Guztiok jarrera aktiboa agertu behar dugu gizarte eredu matxista hau aldatzeko. Irtenbidea ez bazara, arazoaren parte zara”.

Elkarretareatzeak egin dituzte, baita ere, gaur, Berastegin, Anoetan eta Tolosan. Iruran astelehenean egingo dute elkarretaratzea, plazan, 19:00etatik aurrera. 

Tolosako Trianguloane egindako elkarretaratzea.

Anoetako plazan egindako elkarretaratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!