Elkarretaratzeak gaur, Zarauzko erailketa salatzeko

Ataria 2025eko urriaren 17a

Anoetan egindako elkarretaratze bateko artxiboko irudia.

Euskal Herriko azken erailketa matxista salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaur iluntzerako. Anoetan, Tolosan, Berastegin, eta Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian egingo dituzte.

53 urteko emakume bat hil zuten atzo, Zarautzen. Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu du, eta giza hilketa egotzi dio. Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur, asanblada feministek deituta. Berastegin 19:45ean elkartuko dira plazan, Anoetan ere plazan mobilizatuko dira 19:00etan, Tolosan 19:00etan Trianguloa plazan egingo dute elkarretaratzea, eta Villabona eta Zizurkilen 19:00etan elkartuko dira oinezkoen zubian. Iruran,astelehenean egingo dute protesta, urriaren 20an, 19:00etan plazan.

Tolosako Udalak Tolosako Asanblada Feministak deitutako mobilizazioarekin bat egin du, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die. Era berean, erailketa matxista gaitzetsi du, eta familiarekiko eta gertukoekiko elkartasuna adierazi du. Halaber, Tolosako Udalak, herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean, indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan jarraituko duela esan du, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz aurrera egiteko programak eta zerbitzuak ezarriz. Gisa honetako erasoen aurrean, zero tolerantzia adierazi nahi du udalak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!