Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak gardentasuna eskatu du

Ataria 2025eko urriaren 17a

Alberto Martinez Osasun sailburua pasa den uztailean egindako agerraldian.

Osasun sailburua Tolosaldeko hautetsiekin bilduko da astelehenean, Tolosan. Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideek «begi onez» hartu dute bilera deialdia, eta esan dute bertan eskatuko dituztela «orain arte erantzun gabe dauden galderen erantzunak». «Planifikazio argia eta arrazoitua, konpromiso zehatzak eta aurreikusten den kronograma nahi ditugu».

Alberto Martinez Osasun sailburua Tolosaldeko hautetsiekin bilduko da astelehenean. Bertan eskualdean iragarritako osasun ekipamendu berriaren inguruko informazioa emango die, eta horren aurrean, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideek eskaera zehatzak egingo dizkiote. «Alkateen mugimenduaren kideok argi adierazi nahi dugu, udal ordezkariek eta herritarrek eskubidea dugula egitasmoaren inguruko informazio osoa eta zehatza jasotzeko». Izan ere, gogoratu dute ekainean Bilbon bildu zirela, eta sailburuak informazio orokorra besterik ez ziela eman. Biharamunean, ordea, «zur eta lur» geratu zinen komunikabideetan irakurri zutenean Osasun Sailak etorkizuneko ospitalearen diseinua dagoeneko amaituta zuela. «Bileran jaso ez genuen informazioa eta zehaztasunak argitaratu ziren. Are eta gehiago harritu gintuen zerbitzuak jasotzen dituen dokumentua alkateokin partekatu zela irakurtzeak. Hiru hilabete baino gehiago pasa dira, eta, gaur-gaurkoz, ez da inolako informazio zehatzik partekatu gurekin».

Egoera honek «ziurgabetasuna eta mesfidantza» sortu die alkateei; «orain arteko informazio faltak eta honen kudeaketak sortu digun kezka ere azpimarratu nahi dugu, bai udalen aldetik, bai herritarren eta eskualdeko eragileen partetik ere».

Horiek horrela, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak asteleheneko bileran «orain arte erantzun gabe dauden galderen erantzunak» eskatuko ditu. Batetik, ospitale berriaren izaera publikoa eta kudeaketa eredua zein izango den zehaztea eskatuko du, eta baita ESI-en egituraketa zein den argitzea ere, «ez dakigu zein den planteamendua: Tolosaldeko ESI-a bertan behera uztea eta Donostialdeko ESI-an barneratzea, edo lehen arreta Tolosaldeko ESI-an mantentzea eta gainontzekoa Donostiakoan txertatzea. Antolakuntza eredu honen argipena funtsezkoa da, zerbitzuen antolakuntzak bere ondorioak izan ditzakeelako zerbitzuen integrazioan eta, beraz, pazienteari bermatu beharreko osasun arretan». Bestetik, aurreikusitako zerbitzuen eta baliabideen dimentsioaren inguruko informazioa eskatuko dute: «Ez dakigu zein zerbitzu emango diren eskualdean eta zein Donostia Ospitalean. Orain arte entzundakoarekin ondorioztatzen dugu Tolosaldeko biztanleok, Donostia Ospitalera jo beharko dugula hainbat patologia artatzeko, baita larrialdi kasuetan ere. Osasun ekipamendu berriak Etenik Gabeko Arreta Gune bat baino ez du izango, gaur egun, Tolosako Anbulatorioan eskaintzen dena, alegia. Donostia Ospitaleak duen lan bolumena eta itxaron zerrendak ikusita, zaila da Tolosaldeko ESI-ko biztanleria bereganatzea. Lanketa hau egin al da? Aurreikusi al da Donostia Ospitalea indartzea?».

Eskualdeko alkateak kezkatuta daude baita proiektuaren kokalekuarekin ere.  Tolosako ospitalea Gipuzkoa osorako erreferentziazkoa izango bada, guneak jada duen mugikortasun arazoa areagotuko dela esan dute, eta horrek joan-etorriei zein aparkaleku beharrei irtenbidea ematea eskatuko duela gaineratu dute. Bukatzeko, Asuncion Klinikaren etorkizunaren eta osasun sistema publikoarekiko harremanaren berri izan nahi dute. «Gaur egun osasun arreta publikoa ematen duen zentro pribatu honen papera zein izango den ere ez da argitu. Osasun Sailak zein harreman izango du Asuncion Klinikarekin? Bestetik,  asko kezkatzen gaitu bertako langileen etorkizunak. Ezinbesteko ikusten dugu urteetan zerbitzu publiko bat eman duten langileei, lan hau balioan jarri eta irtenbide duin bat eskaintzea».

Orain arte, «hitzak eta titularrak» bakarrik entzun dituztela esan dute, baina alkateek planifikazio argia eta arrazoitua, konpromiso zehatzak eta aurreikusten den kronograma jaso nahi dute. «Hau da, gardentasuna eskatzen dugu. Begi onez hartu dugu asteleheneko bilera deialdia, beti ere galdera horien erantzuna jasoko badugu, behingoz. Ez genuke nahi, uztailean kamioien aparkalekuekin gertatu moduan, komunikabideetara titularrak ematera ateratzeko aitzakia bat gehiago izatea bilera hori. Bada garaia erantzun argiak jasotzeko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!