Igandean egingo dute Bedaioko Azoka Berezia

Ataria 2025eko urriaren 16a

10:00etatik aurrera, goizean zehar, hamaika produktu dastatu eta erosteko aukera izango dute auzoko frontoira joaten direnek. Tolosatik, Alegiatik eta Amezketako Ugarte auzotik autobus zerbitzua egongo da.

Igandean, Bedaioko Azoka Berezia egingo dute auzoko frontoian, 10:00etatik 13:45era bitarte. Auzotarrek adierazi dutenez, «bertako produktuei eta auzolanari esker» antolatu dute. Aurtengo gaia txerri hiltzea izango da, eta azoka osatuko duten postuetan ez dira faltako bertako eta garaiko produktuak nahiz artisauen lanak: mondejuak, ogiak, barazki freskoak, haragia, postreak, gazta, eztia, gaztaina erreak, taloak, ukenduak, olio naturalak, puntuzko eskulanak, eta eskuz egindako bitxiak eta pilotak. «Azoka honek aukera paregabea eskaintzen du gure lurrak ematen dituen produktu oparoak ezagutzeko eta etxera kalitatezko produktuak eramateko», esan dute antolatzaileek. 

Produktuak erosteaz gain, garai bateko txerri-hiltzeen ohiturak ezagutu, horretarako tresnak ikusi eta odolkiak eta txorizoak egiten ikasteko aukera izango dute azokara joaten direnek. Animalien erakusketa ere egingo dute baserritarrek. Goiza borobiltzeko, 14:00etan, babarrun jatea egingo dute Artubi elkartean

Tolosatik joan-etorria egiteko autobus zerbitzua izango da. Hiru zerbitzu izango dira orotara, bai igotzeko, baita jaisteko ere.

Hauek dira ordutegi eta geralekuak:

  • Tolosa-Bedaio
    • 1. zerbitzua:
      • 10:30. Tolosa, San Frantzisko elizako geralekua.
      • 10:45. Alegia, eskoletako geltokia.
      • 10:55. Ugarte.
    • 2. zerbitzua:
      • 11:30. Tolosa, San Frantzisko elizako geralekua.
      • 11:45. Alegia, eskoletako geltokia.
      • 11:55. Ugarte.
    • 3. zerbitzua:
      • 12:30. Tolosa, San Frantzisko elizako geralekua.
      • 12:45. Alegia, eskoletako geltokia.
      • 12:55. Ugarte.
  • Bedaio-Tolosa. Eliza paretik abiatuko da autobusa, eta joaneko geldialdi berak egingo ditu.
    • 1. zerbitzua: 12:00.
    • 2. zerbitzua: 13:00.
    • 3. zerbitzua: 14:00
.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!