Sindikatuek Palestinaren aldeko elkartasun eguna antolatua dute gaurko eta jarraipen zabala izaten ari da Tolosaldean. ELA sindikatuak lau orduko lanuzte deialdiak egin ditu eta elkarretaratzea egin du Trianguloa plazan eguerdian; gainerako sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU), berriz, hiru orduko etenak egitera deitu dute eta 12:30ean Donostian egin den mobilizaziora joateko deia egin dute. Salbuespena hezkuntza sektorea da, egun osoko deialdia egin baitute bertan.
Bake negoziazioak hasiak badira ere, lanuzteei eta mobilizazioei eutsi diete sindikatuek. Eskualdeko LABeko ordezkari Laida Zubillagak nabarmendu du Palestinako herriari elkartasun osoa adierazteko baliatuko dutela gaurko eguna: «AEBren laguntzarekin Israel egiten ari den genozidioarekin behin betiko bukatzeko eskatzen dugu. Gazan bizi den genozidioari eta gosete egoerari irtenbidea eman eta laguntza emateko aukera egotea exijitzen dugu. Bide batez, ez dugu ahaztu nahi Cisjordaniako langile klasearen lan eta bizi baldintzetan zer nolako ondorioa duen kolonizazioak».
Bere aldetik, ELAko Maitane Goldaratzenak esan du odolez idatzitako genozidio bat gertatzen ari dela eta Gazan Israelgo armadak egin dituen delituak zerrendatu ditu: «hilketak, osotasun fisiko eta mentalari erasotzen dioten lesio larriak, palestinarrak hein batean edo erabat suntsitzea ekarriko duten bizi-baldintzak ezartzea, eta haurrak jaiotzeko aukera galarazten duten neurrien inposizioa». Bakea eta justizia exijitu ditu ELA sindikatuak eguerdian Tolosaldeko Trianguloan egin duen elkarretaratzean.
Aldi beran, sindikatuek salatu dituzte Israelgo estatuarekin hainbat eragilek dituzten harreman komertzialak. Israelgo gobenu genozidari erabateko boikota egitea eskatu du ELAko Goldaratzenak. Enpresa, instituzio, gobernu eta herri erakunde asko dira Israelekin harremanak dituztenak eta LABeko Zubillagaren hitzetan harreman horiek behin betiko bukatu behar dira: «Eten dadila Israelekin egon daitekeen edozein harreman komertzial. Ezin da negozioa egin, genozidioaren izenean».
Jarraipen zabala
Lan-txandaren arabera ordutegi ezberdinetan egin dituzte lanuzteak eskualdeko enpresetan. Eguerdirako deitutako mobilizazioetan parte hartu aurretik euren lantegiaren atarian bildu dira protesta egin eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.
Lanuzte partzialak izan dira enpresetan, baina hezkuntza izan da salbuespena. Sektore horretan egun osoko grebara deitu dute, eta langile guztiak daude deituta: irakasleak, hezkuntza bereziko irakasleak, jangeletako langileak, gidariak... Ikasle sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Eusko Jaurlaritzak ohiko zerbitzu minimoak izendatu ditu, eta zentro guztiak irekita egon dira.
Eskualdeko udalek ere bat egin dute lanuztearekin. Udal langileak udaletxe aterietan bildu dira 11:00 aldera. Udal bulegoak itxita egon dira, baita, kultur etxe, liburutegi eta kiroldegiak ere.
Arratsaldean elkarretaratzea zaratatsuak deitu dituzte eskualdeko herrietan. Gernika-Palestinak egin du deia eta 19:30ean bilduko dira Alegia, Anoeta, Asteasu, Lizartza, Tolosa eta Villabonan. Ordu erdi lehenago, 19:00etan elkartuko dira Ibarran.