Gipuzkoa 2 garaile X. Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketan

Ataria 2025eko urriaren 15a

Senperen jokatutako finalean, 5-4 irabazi zion Bizkaia 2 taldeari. Lehen aldiz irabazi du Gipuzkoako talde batek txapela.

Gipuzkoa 2 taldeko ia pilotari guztiak eskualdekoak dira: Iñaki Esnal Aizpurua, Andoni Urbieta Etxeberria, Ibai Urbieta Etxeberria, Jon Urbieta Otaegi larrauldarrak, Julen Alberdi Mendizabal zizurkildarra, Julen Aizpuru Garmendia asteasuarra, Xabier Urbieta Otaegi berrobitarra eta Iñaki Azkoitia Irastorza azkoitiarra.

Urriaren 11n jokatu zen Senpereko plazan 2025eko Bote Luze Txapelketako finala, eta ikusleek ezin hobeto gozatu zuten norgehiagoka zirraragarri batez. X. edizioan, parte hartzea zabala izan da: 8 talde lehiatu dira titulua eskuratzeko, bi multzotan banatuta eta ondoren finalerdietarako sarbidea lortuta.

Finalera iritsi ziren taldeak Gipuzkoa 2 eta Bizkaia 2, aurrez, hurrenez hurren, Iparralde 3 eta Bizkaia 1 mendean hartuta finalerdietan. Azken bederatzi edizioetan Bizkaiko talde batek irabazi izan du, baina aurten, Gipuzkoak historia egin du, 5-4 emaitzarekin garaipena eskuratuz.

Partida tentsioz eta emozioz betea izan zen. Bizkaitarrak sendo hasi ziren, 1-3 aurretik jarrita, eta 1-4koa egiteko aukera garbiak ere izan zituzten. Hala ere, gipuzkoarrek ez zuten amore eman eta 2-3 hurbildu ziren, partida irauli eta 3-3, gero 4-3 aurretik jarriz.

Partida amaitzeko arautegiko 75 minutuak betetzear zeudela, Bizkaiak 4-4ko berdinketa lortu zuen, eta ikusle guztiak tente jarri zituen. Denbora agortuta, joko erabakigarria jokatu behar izan zen, eta une horretan Gipuzkoa 2k bere burua sendo eutsi eta azken tanto erabakigarria eskuratzea lortu zuen.

Gipuzkoarrek erakutsitako indar mentala, egokitzeko gaitasuna eta talde-lana azpimarratzeko modukoak izan ziren, eta horri esker txapel preziatua lortu zuten, urtez urte Bizkaiko taldeen esku egon ondoren.

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak azaldu duenez, «txapelketa honek beste behin erakutsi du bote luzearen indarra eta ikusgarritasuna, eta Senperen jokatutako finala azken urteetako ikuskizun handienetako bat bihurtu da zaleentzat».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!