Palestinaren aldeko lanuzteak

ATARIAk bat egin du Palestinaren aldeko lanuzteekin

Ataria 2025eko urriaren 15a

Palestinaren alde sindikatuek gaurko deitu duten lanuztearekin bat egin, eta 11:00etatik 14:00etarako tartean ez da webgunea eguneratuko eta ez da ATARIA irratian irratsaiorik emitituko.

ATARIAko lantaldeak Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren alde gaurko deitutako lanuztearekin bat egitea erabaki du, eta horrenbestez eskaintza informatiboa egokitu egingo du. 11:00etatik 14:00etara egingo dute geldialdia langileek, eta ondorioz, ordu tarte horretan Ataria.eus ez da eguneratuko. Era berean, ATARIA irratiak ere etenaldia egingo du, eta ez da saiorik emitituko. Tarte hori igaro ostean, lanuzteei buruzko informazioa emango du.

Hamasek eta Israelgo Gobernuak su-eten akordioa sinatu badute ere, eta aurrez egindako akordioak Israelgo Gobernuak nola urratu dituen ikusita, su-etena gauzatu dezan presio egiten jarraitu beharra dago maila guztietan. Hori dela eta, ATARIAk bat egin du sindikatuen eskaerarekin: Gazako herritarren aurkako eraso oro eten, eta gosete nahiz hondamendi egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak berehala bideratzea.

ATARIAk argi du behin betiko amaitu behar dela palestinarrek hamarkada luzez pairatzen duten kolonizazioa eta genozidioa, eta autodeterminazio eskubidea egikaritzea eskatzen du. Helburu horrekin Israeli ahalik eta presio handiena egiten jarraitu beharra dagoela uste du, azken urteotan egindako ibilbidean atzerapausorik onartu gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!